DEC. 03 2025 Fatima Mernissiren «Terraza debekatua» euskarara ekarri du Edurne Lazkanok Ez da ezaguna gure artean, baina ibilbide luzearen jabe da Fatima Mernissi. Koraneko testuetan aditua da eta feminismo islamiarrean aitzindarietakoa. Duela hamar urte zendu zen idazle eta soziologo marokoarra. Haren nobela bakarra, “Terraza debekatua”, euskaraz eman du orain Edurne Lazkanok. Edurne Lazkano, atzo, Donostian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) XOLE ARAMENDI DONOSTIA Erein eta Igela argitaletxeen elkarlanaren emaitza da Literatura Unibertsaleko 192. zenbakia, Fatima Mernissiren “Terraza debekatua”. Lakuako Gobernuaren laguntza du egitasmoak. Ereingo Inazio Mugika Iraola, Eizie itzultzaileen elkarteko Fernando Rey eta Gasteizko Gobernuko ordezkari Ana Lopez Asensio pozik agertu dira bilduma halako zenbakira iristeagatik. Fez hirian jaio zen 1940an eta 2015ean hil zen Rabaten Fatima Mernissi. Historialaria, soziologoa eta unibertsitateko irakaslea izan zen. «Genero desberdintasunen azterketan erreferente izatera iritsi zen eta bere lanetan uztartu zituen emakumeen ahalduntzea, tradizioaren berrirakurketa kritikoa eta islamaren interpretazio feminista. Saiakera ugari idatzi zituen; batez ere saiakera egiletzat daukagu», esan zuen Mujika Iraolak. Fezeko harem batean hazitako neska baten begietatik kontatua dago istorioa. «Debekuak, ohiturak, askatasun gosea, eguneroko bizitza, elkartasuna eta ahizpatasuna, eta gatazkak. Ez da bakarrik harem baten erretratua, bada hausnarketa sakona identitateari buruz, generoari eta askatasunari buruz», gaineratu zuen. Muga fisiko zein sinbolikoak, debekua, eta aldi berean, amets egiteko lekua dira liburuaren muinak. Pertsonaien indarrari erreparatu zien atzo Edurne Lazkanok. «Asko azaltzen dira, pisu handikoak, emakumeak asko. Eta horrekin batera, harema inguratzen duen harresia». Mugak dira, hain justu, gai nagusietako bat protagonistak Jazmina amonarekin dituen solasaldi luzeetan. «Hark esango dio harem-ak ‘debekatua’ esan nahi duela. Arauei lotuta dagoela. Azalduko dio haremetik kanpo ere toki guztietan daudela arauak, arau ikusezinak. Eta horrek seko beldurtzen du Fatima, ‘ikusten ditugun arauak betetzea zaila baldin bada, ikusten ez ditugunak...’, pentsatzen du». Hala laburbildu zuen itzultzaileak protagonistaren kezka. HAUSNARKETA«Ez da bakarrik harem baten erretratua, bada hausnarketa sakona identitateari buruz, generoari eta askatasunari buruz».