DEC. 03 2025 MARTUTENEKO INSTITUTU ZAHARRA HUSTUKO DUTE Kale gorrian lo egin beharko dute beste 111 lagunek «Hemen zakurrak gu baino hobeto bizi dira; nik ez dut txakurrik kalean lotan ikusi; guk lurrean egin beharko dugu. Txakurrek balioa dute, albaitaria dute, paperak dituzte, pasaportea… Migratutako pertsonok ez dugu hori». Martuteneko Institutu zaharretik botako duten pertsona baten hitzak dira; bihar kalean bizi beharko du. Marokotik eta Aljeriatik Donostiara etorritako gazteak, hustuko duten Martuteneko eraikinaren parean. (Andoni CANELLADA | FOKU) Iraitz MATEO GOGORZA Martuteneko Agustindarren Institutu zaharrean egoera txarrean bizi diren 111 lagunak kaleratzeko eguna joan den ostiralean jakinarazi zuen epaileak; abenduaren 4a, bihar. Donostiako alkate Jon Insaustik atzo esan zuen Udalaren gizarte zerbitzuak harremanetan jarriak direla bertan bizi direnekin, eta bakoitzarentzat «konponbide pertsonalizatua» prestatzen ari direla. GARAri bertan bizi diren hainbat pertsonak kontatu diotenaren arabera, ordea, inor ez da eurekin harremanetan jarri. Hala ere, aurreratu dutenez, bihar goizerako utziko dute etxea. Nora joateko? Kalera; ez dute beste aukerarik ikusten. Zahartuta dago Martuteneko institutua, hautsita ditu leihoak, ingurua zaborrez beteta dago, hezetasun handia dago eta arratoiren bat ikustea ere ohikoa da. Lanbide Heziketako zentro bat zen aurrez eraikina -2003an itxi zen-; iaz Gune fundazioak erosi zion Lakuari, beste hezkuntza zentro bat eraikitzeko asmoz. Eraikinean lo egiten duten gehienak gizonezkoak dira, 20 eta 40 urte bitartekoak, Afrika iparraldeko hainbat herrialdetatik etorritakoak. Batzuek bi urte baino gehiago daramatzate bertan, beste batzuek, zortzi bat hilabete, baina denak sentitzen dira berdin, babesgabe. Nola bizi diren galdetuta, falta duten guztiaren zerrenda ateratzen zaie arrapaladan: «Ez dugu argirik, ez urik, ez dutxarik, ez sukalderik, ez arropa garbigailurik, hezetasun handia dago, hotza, bakterio asko, arratoiak… hiru-lau pertsona bizi gara gela bakoitzean, koltxoietan lo egiten dugu, komun bat dugu guztiontzat…». Hala ere, beraiekin dagoen Donostiako Hiritarren Harrera Sareko Garazi Montuschik zehaztasun bat egin du: «Lekua oso txarra da, baina zuetako bakoitzak asko zaintzen du bere gela, garbi mantentzen duzue». Eta guztiek, baietz; berokiarekin eta hiru bat mantarekin lo egiten dutela kontatu dute, eta hori Montuschi eta gainerako boluntarioei esker lortzen dutela; «tarteka gas bonbonak ere ekartzen dizkigute aktibistek; horrela, janaria lortzen dugun egunean kozinatu dezakegu». Oso eskertuta daude laguntza ematen dieten donostiarrekin. KALEA BESTE AUKERARIK EZ Bere izena ez plazaratzea nahiago izan duen batek esan du ez dakiela zer egingo duen bihartik aurrera: «Bihar ez dakit non lo egingo dudan, nora jo; oso zaila da erantzutea bihar zer egingo dugun. Hemen bizitzea beti izan da estresagarria; beldurrez bizi gara, edozein soinu entzunda pentsatzen dugu polizia sartu dela. Ez gara lapurtzera etorri, ezta arazoak sortzera ere. Pertsona gisa bizitza bat eraikitzera etorri nintzen ni Marokotik. Han banituen ikasketak; hemen beste bi diploma eskuratu ditut, baina ez dut hizkuntza ondo menperatzen, ez dut seniderik… ez dakit zer egingo dudan». Marokotik alde egin ostean, Europako beste leku batzuetan bizi izan zen, han ere kale egoeran: «Ez dut halakorik ikusi; lehen aldiz botako naute lo egiten dudan lekutik negu gorrian». «Udalak hedabideetan hitz egiten du, baina gurekin ez dira harremanetan jarri», salatu du beste batek; izan ere, Insausti alkatearen arabera, gizarte zerbitzuen bidez guztien berri dute eta irtenbideak proposatzen ari ziren. Hori horrela dela ukatu dute Martutenen bizi diren guztiek. Montuschik argitu du hilabetean behin izaten dutela Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuarekin hitzordua, baina zerbitzu horrek ez duela gaitasunik guztiei erantzuteko. Martutenen bizi diren migranteek beraien artean erdi barrez hiru esaldiok etengabe jasotzen dituztela azaldu dute: «Jende asko dago; itxaron zerrendan zaude; izan pazientzia». Baina inoiz ez da beraien txanda iristen. Aljeria edo Marokotik «estres» egoera batetik ihes eginez irten omen ziren, eta hemen «estres handiagoa» ezagutu dute. Hala ere, ez dute itzultzea aurreikusten: «Uste genuen bi urteren ostean paperak izango genituela, lana egingo genuela, dirua izan eta gure senideei lagunduko geniela. Eta ez da hala izan». Atzerritartasun Legeari erreferentzia eginez aipatzen dituzte bi urte horiek, aurreikusten baitzuten bi urteren bueltan paperak eskuratu eta lanean hasiko zirela. Ez da horrelakorik gertatzen, ordea, eta Harrera Sareak ere hori salatzen du, Atzerritartasun Legeak ezarritako oztopoekin ezinezkoa dela aurrera egitea. Gaur berririk jasotzen ez badute -Donostiako EH Bilduren eskakizuna, esaterako, La Sirena aterpetxea irekitzea da-, kalean igaro beharko dute biharko gaua. 19.00etan mobilizazioa egingo dute bihar Egiako epaitegietatik abiatuta.