DEC. 03 2025 Kimu, enpresei eta erakundeei laguntzeko euskarazko txatbot berria Orai adimen artifizialeko euskal zentroak Kimu izeneko euskarazko txatbot berria garatu du, enpresa eta erakundeen eguneroko lanean laguntza eskaintzeko asmoz. Baina zer da txatbot bat? Modu sinplean esanda, erabiltzailearen galderak eta eskaerak ulertu eta horiei automatikoki erantzuteko gai den softwarea. Kimu izeneko euskarazko txatbot berriaren egileak. (ORAI NLP) M.A. BILBO Erabiltzaileak euskaraz eskatutako hainbat eginkizun ulertzeko eta horiei automatikoki erantzuteko tresna da Kimu. Lanerako ataza askotan erabil daiteke, besteak beste, itzulpenak eta laburpenak sortzeko, dokumentuen gaineko galderei erantzuteko, informazioa lortzeko eta testuak zuzendu eta egokitzeko. Xabier Saralegi Orai zentroko NLP teknologietako arduradunak azaldu duenez, eredua enpresen eta erakundeen beharren arabera espezializa daiteke, eta horrek emaitzen kalitatea hobetzea ahalbidetzen du. Kimu txatbota euskaraz sortua izan den arren, beste hizkuntza batzuetan ere emaitza onak eskaintzen ditu; esaterako, gaztelaniaz, ingelesez eta italieraz. Ereduaren abantaila nagusietakoa da bere tamaina txikia: 9.000 milioi parametro ditu, eta hizkuntza eredu txikien (SLM, Small Language Models) kategorian kokatzen da, LLM handien aldean arinagoa eta azkarragoa izanik. Tamaina txikiko ereduek baliabide gutxiago behar dituzte, bizkorragoak dira eta energia gutxiago kontsumitzen dute; eta, batez ere, zeregin zehatzetarako egokitzen direnean, kalitate lehiakorra eskaintzen dute. Metodo horren adibide da Kimu; izan ere, sortzaileek modelo fundazional bat hartu dute oinarri gisa eta euskarara egokitu. Ondoren, modelo instruitu bat integratu dute, testuak ulertzeko eta instrukzioak exekutatzeko gai dena. Euskarara egokitzeko, halaber, ZelaiHandi izeneko corpusa erabili dute, 500 milioi hitz biltzen dituena eta lizentzia libreko edukiekin osaturikoa. Eredua arina denez, enpresa eta erakundeen zerbitzari eta ordenagailu- etan instala daiteke, eta horrek datuen pribatutasuna eta konfidentzialta-suna zaintzeko aukera ematen du.