DEC. 05 2025 Enplegurako zentro berezien «negozioa» salatu dute ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek mobilizazioa egin zuten atzo Bilbon; «enplegu zentro berezi» deritzen enpresek desgaitasuna duten langileen lepotik negozioa egiten dutela salatu zuten. Administrazioari dei egin zioten sektoreko baldintzak hobetzeko exijitzeko. Sindikatuen mobilizazioa Lakuako Gobernuaren Bilboko egoitzaren aurrean. (LAB SINDIKATUA) GARA BILBO Desgaitasuna duten langileen bizkar negozioa egiten ari direla iritzita, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek salaketa juridikoa jarriko diete enplegu zentro berezietako patronalei. Hala jakinarazi zuten atzo Lakuako Gobernuaren Bilboko egoitzaren aurrean egindako mobilizazioan. Bertan, administrazio publikoari ere zuzendu zitzaizkion. Sindikatuek gogoratu zutenez, joan den ikasturtean negoziazio mahaira deitu zuten, EAEko enplegu zentro berezietako langileentzat lehen lan hitzarmena lortzeko. Deialdi horri sektoreko patronalek -Elhabe, Berezilan, Connace, Feacem eta Confebaskek- ezezkoa eman ziotela salatu zuten sindikatuek; «hitzarmenaren negoziazioari atea itxi zion». Laguntza ekonomikoen eta hainbat lizitazioren bidez, sektorean diharduten enpresak diru publikoz hornitzen direla gogorarazi zuten. «Baina ez dituzte langileen aldarrikapenak lehenesten, eta ez dute dibertsitate funtzionala duten langileen prekaritatea zalantzan jartzen. Kontrara, egungo eredua ontzat hartzen dute, eta ez dituzte gutxieneko lan baldintzak bermatzen: lanbidearteko gutxieneko soldatari lotutako soldatak, gehiegizko lanaldiak, langileen dibertsitate funtzionala kontuan hartzen ez duten lan osasun eredu pribatizatua... Gizarteratzearen eta enplegu babestua sortzearen aldeko apustua egiten duten enpresak direla diote, baina benetan langile hauekin negozioa egiten ari dira, haien lan indarraz aprobetxatzen, eta diru publikoarekin», salatu zuten. Egoera horretan administrazio publikoak erantzukizun handia duela azpimarratu zuten sindikatuek. Horien esanetan, Administrazioak «ez du ezer egiten dibertsitate funtzionala duten langileak enpresa arruntetan integratzeko, eta egungo eredua iraunarazten du». Horiek hala, Lakuako Gobernuari eta sektoreko patronalei, ereduaren inguruko hausnarketa eta eraldaketa egiteko eskatzeaz gain, hurrengo aldarrikapenak egin zizkieten sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko: 21.000 euroko gutxieneko soldata; 1.592 lanordu urteko, malgutasuna kenduta eta jarduna behin baino gehiagotan eten ahal izan gabe; %100eko osagarria gaixotasunagatik; mutuak ezabatzea; sustapen kontratuak erregulatzea eta errendimendu baxuko kontratuak debekatzea; subrogaziorako eskubidea… Aldarrikapen horien guztien alde borrokatzeko, martxoaren 14rako sindikatu deitzaileek mobilizazio bat prestatzen ari direla iragarri zuten. ALDARRIKAPENAKAldarrikapenen artean 21.000 euroko gutxieneko soldata, 1.592 lanordu urtean, malgutasuna kenduta eta jarduna behin baino gehiagotan eten ahal izan gabe, %100eko osagarria gaixotasunagatik eta mutuak ezabatzea daude, besteak beste.