DEC. 15 2025 Inguru Jon GARMENDIA Idazlea Inguru, edo bat. Hori zen baserriko animaliak zenbatzeko gure aitaren sistema. Zenbat ardi edo behi dituzu galderentzat «inguru» eta «bat» erabiltzen zituen, «laurogei inguru» edo «laurogei bat». Agidanean, auzokideek ere sistema bera erabiltzen zuten. Adarra mendiko baserritarrak, beste kasta bat, beste epoka bat. Tokiko azken artzaina den lagunak, Kortak, irriz aipatzen du anekdota bat. Garai hartan, kabalak zenbatzera etortzen ziren ikuskatzaileak, aziendaren osasun kanpaina egiteko, eta, nolabait, kopuruaren arabera dirulaguntzak emateko. Egun berean elkartzen ziren, beraz, nekazariak mendi magalean, hantxe naturaren dialektika. Lerroan zain denak, eta deklaratzeko txanda ailegatu zitzaion artzainari zenbat ardi zeuzkan eskatuta, «nire aurretik pasa denak zenbat esan du?» galdetu omen zuen, eta erantzuna jaso baino lehen, «nik ere berdin, haietxek» patxada betean. Baserrira animalien zaintza egitera edo ilea moztera etortzen zenak baino ez zuen jakingo zehazki zenbat buru zeuden orduan. Orain zorrotzagoak dira kontrolak, eta eman baino errazago kentzen zaio laborariari; zer erranik ez gaitz bat aitzakia hartuta. Ipar Euskal Herrikoak protestan dabiltza azken asteotan, Frantziako agintariek behien dermatosi nodular kutsakorraren izurriagatik hartutako erabakien kontra; kasu bat atzemanez gero tropa osoa hil behar dute. Ez dakit “inguru” berrerabiltzeko garaia den hau, baina laboraria eta haien ingurua zaintzekoa, bai, bada.