GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
KOLDO ALMANDOZ
Zinema zuzendaria

«Geroz eta gehiago egiten diot ihes superartistaren izaerari»

“Hondar Ahoak” eta “Zeru Ahoak” telesailen arrakastaren ostean, thriller beltzetik errauts koloreko umorera egin du jauzi Koldo Almandoz zuzendari donostiarrak. Tomas Martinez pertsonaia maitagarri zein gorrotagarriaren bitartez, bizitzaz eta heriotzaz hausnartzeko gonbita da “Azken agurra”, filmatzen amaitu duen pelikula berria.

(David HERRANZ)

 

Donostia, Errenteria, Irun, Orio eta Pasaiako inguruetan filmatzen ibili da Koldo Almandoz zine zuzendaria. “Ahoak” serieko bi denboraldien ostean, film luze batekin pantaila handira bueltatu da donostiarra.

Tomas Martinez 45 urteko hileta zibilen enpresaburua da “Azken agurra” filmeko pertsonaia nagusia, Iñigo Azpitartek haragitua. Dibortziatua eta alaba baten aita, gizaki ororen miserien ispilu da Martinez. Heriotzaz dihardu Almandozek bere azken lanean, hain gustuko duen umore absurdoaz eta ironikoaz baliatuta.

Errauts koloreko komedia bat da «Azken agurra». Zergatik?

Jorratzen den gaietako bat hain zuzen ere hileta zibilen mundua da, protagonistak horretan egiten duelako lan. Hortik dator errauts koloreko komediarena. Baina askotan ez dakit zer filmatu dudan, komedia zantzuak dituen drama bat edo drama zantzuak dituen komedia bat. Komedia hitzaren barnean ere gauza asko sartu daitezke. Eta hau ez da esketx moduko komedia bat, hau ez da komedia espainiar ohiko horietako bat. Badago absurdoa, badago ironia, baina aldi berean badira emozioak, samurtasuna eta ostia txar pixka bat ere bai.

Protagonista Tomas Martinez da. Desastre xamarra, baina maitagarria.

Zuri-beltzeko pertsonaiak ez ditut gustuko, uste dut denak garela edozertarako kapazak, moralki onak zein txarrak diren gauzak egiteko alegia. Tomas Martinez pixka bat muturrekoa da alde horretatik. Pertsonaia eta pelikula hau idazterakoan oso presente izan dut Dunning-Kruger efektua izeneko sindrome bat, nire ustez oso garaikidea. Kontrako sindromea dena ezaguna egin da azken aldian, iruzurgilearen sindromea deritzon hori. Ba badago horren antonimoa edo kontrako den Dunning-Kruger sindromea.

Kasu hauetan pertsona horrek besteen gaitasunak gutxiesteko joera izaten du, bai eta errealitatearen irakurketa irreal bat egiteko joera ere. Eta horrek dakar askotan gauza guztien inguruan iritzi bat izatea, nahiz eta ezer ez jakin, edo egindakoaren ondorioak ez onartzea, gezurrak eta aitzakiak jartzen ibiltzea, porrotik ez onartzea eta abar. Iruzurgilearen sindromeaz asko hitz egiten da, baina kontrakoaz oso gutxi. Iruditzen zait gure gizartean gero eta adibide gehiago daudela eta Tomas Martinezek oso ondo gorpuzten du hori. Betiere ironia puntu horretatik.

Pelikulari pisu handiegia emateari ihes egin nahi izan diot, intelektualizaziorako joera saihestu nahi izan dut. Azkenaldian pelikula guztiek behar izaten dute kausa moduko bat eta pelikula ikustera joaten garenean badakigu kausa horietako bati lotuta dagoen pelikula bat ikustera joan behar dugula, ez? Generoa, emigrazioa edota oraintxe bertan modan dagoen erlijioa izan daiteke. Ondoren irrati tertulietan edo komunikabideetan horretaz hitz egin ahal izango den istorio bat izan behar du, alegia. Nik berreskuratu nahi izan dut niri gustatzen zaizkidan pelikulen ildoa; sinpleagoa, bakunagoa. Eta horrek ez du esan nahi ez dela gauza garrantzitsuez hitz egiten, baina ez daude pankartan idatzita. Ez daude lehen lerroan. Ikusleak atera beharko ditu ondorioak, edo ez, baina, aukera ematen zaio behintzat.

«Museo zinemaz», hain irisgarria ez den zinemaz, mintzatu izan zara. Umorea arrakala hori hausteko tresna da?

Nik uste dut baietz. Azken aldian bi joera ari dira elikatzen. Batetik, zinema komertziala, inongo begirada edo autoretzarik gabekoa, algoritmoak esaten duenari zuzendua. Eta gero bestetik, prestigiodun zinema, zeluloidean filmatua eta pelikula gizartearentzat zergatik den hain beharrezkoa azaltzen duen 40 orrialdeko dosierrek lagunduta doana.

Bigarren hori ongi ezagutzen dut. Sekta edo nitxo moduko horretan oso eroso bizi den edo bizi garen jende bat gara eta iruditzen zait ahalegin bat egin behar dugula zinema edo gure istorioak orokortzeko. Nik uste dut ikusleari errespetu bat zor zaiola eta zerbait erakusten zaionean ere behintzat makulu batzuk eman behar zaizkiola ikusiko duen hori ulertzeko edo, gutxienez, sentitzeko. Nik gero eta gehiago egiten diot ihes superartistaren izaera horri; programatzaile, komisario, curator horiek guztiek ezartzen dituzten ildoei edo agenda pelikulei ihes egiten diet. Ez dut esango istorio hau horren saiakera bat dela, baina argi izan dudana da film hau edonork ikus dezakeela, eta ziurrenik irakurketa ezberdinak izango direla eta horrek egiten duela interesgarri.

Thrillerretik umorera. Erregistroz aldatzeko gogoa zenuen?

Aurreko batean beste kazetari batek erdi ironikoki galdetu zidan ia Koldo Almandozek barre egiten duen. Ez dakit publikoki zer islatzen dudan, baina asko gustatzen zait umorea eta asko kontsumitzen dut. Arlo publikoan ez, baina bestelako arloetan asko erabiltzen dudan zerbait da. Nire lanetan beti egon da modu batera edo bestera. Umore absurdo edo iradokitzaile bat, ironikoa, batzuetan zinikoa ere bai. “Azken agurra”-n geruza hori gorago ekarri dut eta agerian utzi.

Nire buruari ihes egitea gustatzen zait, besteen buruetan sartzea. Gaur egun, autofikzioarena hain modan dagoenez, badirudi egiten duzun orok izan behar duela zurengandiko zerbait. Eta bestetik, zilegitasunaren afera dago: edozeinek galde diezazuke ia zilegitasuna duzun 45 urteko ertzain emakume lesbiana baten inguruan idazteko. Nire irudipena da hain zuzen ere fikzioa horretarako dagoela. Ez nabil zientzia edo tesi akademiko bat egiten.

Telesailetik film luzera ere egin duzu itzulia.

Egia esan bietan murgiltzen naiz gustura. Nahiago mini telesail bat egin nire jendearekin plataforma batentzako pelikula bat egin baino, eta alderantziz. Nahiago burujabe izan alde horretatik. Gorrotagarriak zaizkidan “lokala izan, globala izateko” tankerako esaldietatik aldendu beharko genuke, globala egiteko aitzakia besterik ez baitira. Egin lokala lokalentzat. Gure auzo, herri eta hirientzat; gure hizkuntzan hitz egiten dutenentzat. Hainbeste ekoizpen egiten da ez dakidala globalak zentzua duen, gehiago aplikatu beharko genuke zero kilometro ideia.

Formatuari dagokionez, bai, luzea gehiago gustatzen zait. Baina egia da ikus-entzunezkoek ia galduta zuten espazioa berreskuratu dutela aisian eta hori errespetagarria da.

Hizkuntzaren trataera zaindua izan duzue «Ahoak» seriean. Hautu horri jarraipena eman diozu?

Zaila da kontua eta nahiko nekatuta egotera ere iristen ari naiz. Nik euskaraz egiten dut lan, baina ez euskararengatik edo euskararentzat. Ez naiz Euskaltzaindia edo pedagogo bat. Nik pelikulak egiten ditut eta sinesgarritasuna dut gustuko. Ados naiz guztiok ulertuko dugun euskaran egin behar dela lan, baina niri inork ez nau konbentzituko baba lore iraina erabiltzeko. Askotan gustatuko litzaigukeen errealitatea eta benetan existitzen dena nahasten ditugu. Nik ikuslearentzat egiten dut lan, eta ez instituzioentzat edo euskararen aldeko ez dakit zein bulegorentzat. Askotan iruditzen zait euskararen aldeko aldarriak egiten ditugunean beti direla akademiatik bultzatutakoak. Bunke- rizatuak baino, bulegizatuak daude; bulego batetik bestera egiten dituzte estrategiak, baina kalea beste zerbait da.

Euskaraz egiten dut nire hizkuntza delako, eta hori ere normalizatu beharko genuke. Borja Cobeagari inork ez dio galdetzen zergatik egiten duen zinema gazteleraz. Niri bai. Kontua da denok dugula gustuko arrakasta, eta orduan askotan euskaldunak edo euskaraz ez diren produkzio batzuk euskaldunak izango balira bezala hartzen ditugu arrakasta izan dutelako. Argi eta garbi esan behar da ezetz. Egile eta sortzaile askok euskara darabilte hizkuntza polit eta metaforetarako oso egokia omen delako, baina gero lanean jartzen direnean gazteleraz egiten dute. Zergatik? Gaztelerak ematen dielako beste espektro batera zabaltzeko aukera. Eta adibidez, orain egin didazun elkarrizketa hau zuk egin beharrean, SER kateko Madrileko norbaitek egiten dielako. Konplexu gutxiago izango bagenu, beste modu batean jokatuko genuke.