DEC. 19 2025 GAURKOA Guggenheim Urdaibai: garaipen bat eta hamaika erronka Busturialdearentzat Nadia NEMEH SHOMALY, Sorne RUBIO ARANO eta Begoña ENBEITA MAGUREGI Bermeo, Mundaka eta Muxikako alkateak, Busturialdeko EH Bilduko alkateen izenean Historikoa. Horixe zen asteazken honetan Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deituta Gernikako prentsaurrekoan bildu ginenon artean gehien errepikatzen genuen hitza. Izan ere, ez da gutxiagorako. Gutxitan bizi izan dugu gure herrian Busturialdean herri mugimenduak lortu duena. Guggenheim Museoaren patronatuak Urdaibaiko biosfera erreserban Bilboko museoaren handitze proiektua bertan behera uzteko erabakia aditzera eman ostean, gure bizilagunak zoriontzea besterik ez zaigu geratzen, Busturialdeko herritarrak zoriontzea, sarri gertatzen ez den bezala, oraingo honetan herriaren borondateak politika egiteko modu bat, goi bulegoetan diseinatzen den politika, geldiaraztea lortu duelako. Eta herritarrak zoriontzearekin batera, eskerrak ematea ere egokitzen zaigu, eskerrak gure eskualdea aspaldian ez bezala esnatu, aktibatu eta mobilizatzen jakin duen herri mugimenduari. Eskerrak borroka honetan hainbeste eman duten norbanako horiei, gobernatzen gaituztenei, erakundeei eta alderdi politikoetan jarduten dugunoi irakaspen galanta eman diguten horiei guztiei; eskerrik asko. Urdaibaiko Guggenheim proiektuarekin gertatutakoa ikusita, gobernantza eredu baten heriotzaren testigu izaten ari garela esan dezakegu. Ez dira jada EAJk bere proiektu “izarrak” kontrako iritzi publikoaren aurrean zalantza izpirik gabe inposatzen eta aurrera eramaten zituen garaiak. Gobernantza eredu bertikal horren garaia amaitu da. Busturialdean eman den irakaspenarekin, gizarteak ahaldunduta dagoela erakutsi du eta ez duela gobernuen eta bestelako erakundeen inposaketarik gehiago onartuko. Baina badago oraindik hori ulertu ez duenik ere, porrot egin duen proiektu honekin ikusi ahal izan dugun bezala. Gobernantza demokratikoaren oinarriak alderantziz ulertu dituztela dirudi. Egin al daiteke bultzatu nahi den proiektu baten kudeaketa politiko okerragorik? Lehenik eta behin, EAJk bulegoetan erabaki zuen Bilboko Guggenheim Museoaren handitze proiektu bat bultzatuko zuela Urdaibaiko paduran; ondoren, balizko proiektu hori bideragarri egin ahal izateko legedi eta hirigintza planak hankaz gora jarri zituzten, legez posible ez zena egingarri egiteko; eta, azkenik, eskualdeko gizartearen kontrakotasuna agerikoa zenean, proiektu hori «bai ala bai» gauzatuko zutela publikoki defendatu zuten. Herri mugimenduaren presio hori izan zen hain zuzen proiektuaren inguruko entzute prozesua aktibatzera behartu zituena. Orain, entzute prozesu horren emaitzak porrota itxuraldatzeko balio die. Agerian geratu da EAJk ez duela lidergo estrategikorik Busturialdearen benetako erronken aurrean: larrialdi klimatikoa, kalitatezko enplegua, etxebizitza, turistifikazioa eta oinarri-oinarrizko azpiegitura falta, saneamendu saretik hasi eta ur horniduraraino. Nolanahi ere, entzute prozesua berandu iritsi bazen ere, bere garaian positiboki baloratu genuen ekimena. EH Bilduko alkateok hasieratik defendatu dugu edozein proiektuk herritarren oniritzia behar duela aurrera egiteko eta ezin dela eskualdearen etorkizuna baldintzatuko duen proiekturik planteatu hemen bizi garenoi entzun gabe. Duela urtebete pasatxo, hain zuzen, Busturialdeko EH Bilduko hautetsiok, eskualdeko hainbat talde independenterekin batera, Muruetako teilerian adierazi genuen eskualdeak gabezia sakonak dituela, eta hauek ez direla konpontzen Urdaibaiko bihotzean museo baten frankizia eraikita. Busturialdeko herritar gehienen ordezkari garen aldetik, oso argi utzi nahi dugu gure eskualdeak erronka sozial eta ekonomiko izugarriak dituela parez pare, eta horiei aurre egiteko plan estrategiko egingarri eta serioa behar dugula. Lehen eta orain lehentasunezkoa dena, museoa espazio babestuan eraikitzea baztertu ondoren, eskualdearen garapen sozioekonomikorako estrategia aktibatzea da. Eta orain ezinbestekoa da inflexio puntuari aurre egitea, goitik behera proiektuak inposatzeari uzteko, eta Busturialdeak erakundeen eta herritarren artean partekatutako plan berri bat behar duela onartzeko, tokiko autonomia errespetatuz eta ikuspegi integral batekin. Lehenik entzun eta ondoren erabakiak hartzeko. Tamalez, ez dugu hori ikusi EAJk aurkeztu duen Eskualdeko Plan Estrategikoan. Parte hartze gutxi, aurrez ezarritako markoetan eztabaida minimoei tartea eskaini eta eredu zaharkituei eusten dien plana aurkeztu digute, azpiegiturak eraikitzera mugatzen den plana, hain zuzen. Beste behin, inbertsioa eraldaketarekin eta herri lana herri proiektuarekin nahasten jarraitzen dute. Eskualdeko plan estrategiko batek ez luke mugatu behar duela hamarkadatatik gauzatu gabe dauden azpiegituren zerrenda batera. Hormigoiaz eta porlanaz haratago badago eskualde honi zer eskaini. Busturialdeko garapen estrategiak, gure ustez, aurre egin behar die bizi dugun garaiko erronka nagusiei. Trantsizio ekosozialaren, baso kudeaketa iraunkorraren, bioekonomiaren, industria garbiaren, prestakuntza aurreratuaren, etxebizitzaren eta hemen bizi garenon bizi kalitatearen aldeko apustua egingo duen estrategia behar dugu. Biosferaren erreserba izaera, traba baino, aukera gisa ulertzea: lurraldearen eta komunitatearen arteko kohesioa bultzatuta, bizitza, ekonomia eta naturaren arteko oreka bilatzea. Orain, beraz, behetik, gizartearekin batera, ideia berritzaileak garatzeko aukera eman beharko litzaioke gure eskualdeari. Busturialdeak ez du inposaketa eta marketin gehiagorik behar. Busturialdeak adimen kolektiboa, ausardia politikoa eta norabide partekatu berri bat behar ditu, eskualdean ditugun hamaika erronkari aurre egiteko. Balia dezagun jasotako irakaspena. Egin dezagun gobernantza eredu berri baten aldeko apustua. Garaiz gaude eta Busturialdeak merezi du. Gizarteak ahaldunduta dagoela erakutsi du eta ez duela gobernuen eta bestelako erakundeen inposaketarik gehiago onartuko