DEC. 20 2025 NATOren kontrako manifestazio nazionala deitu dute martxoaren 14an Iruñean NATOren kontrako manifestazioa iragarri dute martxoaren 14an Iruñean, Euskal Herriak erakunde horri erreferendumean ezetz esan zionetik 40 urte beteko direnean. Inperialismoak eta kapitalismoak herri eta langileak zapaltzeko erabiltzen duten tresna dela nabarmendu zuten deitzaileek. NATOren kontrako mobilizazioa iragartzeko agerraldia, atzo Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | ≠FOKU) Martxelo DIAZ IRUÑEA Datorren martxoaren 14an manifestazio nazionala deitu dute talde internazionalista eta antiinperialistek «NATOri ezetz esango dion Euskal Herri antolatu bat» aldarrikatzeko. Izan ere, sasoi horretan Euskal Herriak NATOri ezetza eman zion erreferendumaren 40 urte beteko dira. Ekimenaren berri emateko agerraldia egin zuten atzo Iruñean, eta bertan Askapena, Bardenas Ya, Bultza (EHM-L), Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, Euskal Herria Bizirik, Indar Nafarroa, Jardun, OTAN Ez Plataforma eta Zabaldi taldeetako ordezkariak izan ziren. «Ziurgabetasun, ezegonkortasun eta indarkeria testuinguruan gaude. Kapitalismo globala krisi sistemiko betean dago. Krisia kapitalismoari berezko bazaio ere, egungo hau arnasa luzekoa ari da izaten, eta faktore anitzekoa da: ekonomikoa, ekologikoa... Eta zalantzarik gabe zaila egiten zaio irtenbidea aurkitzea sistemaren egungo logiken barnean», azaldu zuten. Hori dela eta, «industria, ekoizpena eta harreman sozial guztiak finantziarizatzera eta militarizatzera jotzen du; gerra inbertsiorako bide nagusitzat ezarri da, irabaziak lortzeko eta baliabide gehiago kontrolatzeko bitartekotzat. Gerra bere zentzu zabalenean ulertu behar dugu. Garaiok presaz eskatzen dute Euskal Herri internazionalista eta antiinperialista; NATOri ezetza esango dion Euskal Herri antolatu bat», gaineratu zuten. Inperialismoak, bere hegemoniari eusteko borrokan, «AEBko burgesia du buru eta Europar Batasuna eta NATO beso armatua aliatu». HERRIEN KONTRAKO GERRA Inperialismoaren erantzuna herrialde desobedienteei eta herri langileei gerra deklaratzea izan da, azaldu zutenez; horrekin batera, azken erreserba energetikoak eta hornidura kateak kontrolatzeko. Testuinguru horretan kokatu dituzte, hain zuzen ere, NATOren eraso inperialista Errusiaren kontra, Txinaren kontrako jazarpen ekonomiko eta militarra, Israelekin lankidetza eta erresistentzia palestinarraren eta bere aldekoen aurka egiten diren erasoen babesa edota Venezuela eta Kolonbiaren aurka prestatzen ari diren erasoak. Sistema horretan, NATOk funtsezko funtzioa duela eta kanpo interbentzioez harago ere aritzen dela nabarmendu zuten. Hala, estatuek BPGren zati geroz eta handiago bideratzen dute NATO finantzatzera, eta mugak kriminalizatzen eta migrazio mugimenduak mehatxatzen dira. Horrekin batera, militarismoa eta zerbitzu militarra berreskuratzea indartzen da eta arrazismoa, bazterketa eta faxismoaren hedapena gertatzen da. Bitartean, langile klasearen bizi kondizioak okerrera doaz, etxebizitza bezalako oinarrizko beharrak eskuratzea geroz eta zailagoa delako eta errepresioa areagotzen delako, haien esanetan. EUSKAL HERRIANSener, IRP eta SAPA Europaren defentsa planen kide direla eta Sidenor, CAF eta Dassault Aviation enpresek Palestinako genozidioa babesten dutela aipatu zuten, euskal burgesiak inperialismoarekin duen atxikimendua agerian uzteko. KOLABORATZAILE«Borrokak etengabe oztopatzea, kriminalizazioa elikatzea eta egungo ereduarekin konfrontazio oro saihestea eta desagerraraztea» egotzi zioten sozialdemokraziari.