DEC. 22 2025 SAN TOMAS EGUNA Jendetza eta euritza Santomasetan Ofizialki abenduaren 21ean hasten da negua eta atzo seinale izan zen: sekulako euri zaparradak egin zituen. Hala ere, jende eta elkarte ugari bildu ziren Donostian zein Bilbon, bertako produktuak zabaldu, erosi eta dastatzeko asmoz. Horien artean izarra, zalantzarik gabe, txistor taloa izan zen. Bilboko San Tomas eguneko azokan ateratako argazkiak. Euritan ere festarako gogoa sumatzen zen. (Aritz LOIOLA | FOKU) Mikel URDANGARIN IRASTORZA «Euri gutxi egingo du goizean. Eguerdian, mendebaldetik fronte bat iritsiko da eta euria ekarriko du; lurralde osoan bustiko du». Iker Ibarluzeak hala iragarri zuen atzoko, baita asmatu ere! Goizean giro politarekin esnatu zen eguna, baina eguerdiko hamabietatik aurrera hori zen bota beharra hori! Euria, haizea... Bilbora eta Donostiara hurbildu ziren milaka herritarrak, behintzat, majo busti ziren. Gu Donostian izan ginen eta, ikusi genuenaren arabera, horrek festa erabat baldintzatu zuen. Jendetza hurbildu zen goizean goizetik; horietako asko baserritar jantziekin apropos jantzita, abarka eta guzti. Euri jasa hasi orduko, ordea, denek aterki artera sartu behar izan zuten. Soluziorik onena aterpe on bat aurkitzea izaten da halakoetan, eta dozenaka lagunek halaxe egin zuten. Horren ifrentzua jakina da: azokako postuak nahi baino hutsago zeuden. Honatx, Bergarako nekazari Carmen Etxeberriaren hitzak: «Goizean ondo hasi gara, baina orain zeharo zapuztu da. Euria hasi denetik jendea ezkutatu egin da eta gora begira gaude hemen». Maider Uriarte mallabitarrak ere antzeko sentsazioa zuen. Hala ere, bazuen kontsolamendurik: «Baratzerako behar da, ura falta da eta». Eta «egin beharrekoa da, negua da», gogorarazi zuen han bueltan zebilen beste jakintsu batek. Anabasa horretan, Konstituzio plazaren erdi-erdian pausatuta, “Poxpolo” txerria zen lasaien zegoena. Inguruko argazki eta selfiek tarteka esnarazten bazuten ere, 370 kilo inguruko animalia puska lo seko zegoen gu hurbildu ginenean. San Martin eguna oraindik urrun baitago... Beste hainbat animaliaren postuak ere baziren Okendo plazan: behiak, ardiak eta ahuntzak zeuden, besteak beste. Hegazti-gripea dela kausa, aurten ez da hegaztirik egon, ordea. ELKARTE UGARI «... Ez nekea, ez da bide txarra... Gora, gora!». Aldartea goratu nahian, hala abesten zuten soinujole eta trikitilariek. Halako talde bat zegoen, Donostiako auzo ezberdinetako kideek osatutako musika-talde «inprobisatua». Donostiako Piratek eta «auzolanak» elkartuta, kalez kale ibili ziren giroa pizten. “Estanga eta bere banda” eta beste hainbat ere horrelaxe ibili ziren, batetik bestera kalejiran. Talo, txistor, sagardo eta bestelako bertako produktuen 163 postu zeuden eta horien bueltan jende ugari batu zen. Argi eta garbi, talo postuak ziren nagusi, ilara luzeak baitzeuden ia guztietan. Esaterako, han zeuden Segurako talogileak, jo eta su, 1982tik egin bezala; Lazkaoko Jo Ta Ke taldeko talogileak, ateratako dirua euskalgintzara eta presoen sostengura bideratzeko prest; Arabako talogileak; Leitzako saralegitarrak, 1960an martxan jarritako tradizioari segida ematen... Talogileen artean azpimarratzekoa iruditu zitzaigun belaunaldiarteko transmisio eta lankidetza. Eguraldiaren ezkortasunari borondatearen baikortasunarekin erantzuten zioten beste hainbat elkarte ere bazeuden. Zaporeak elkartekoek, esaterako, postu bat jarri dute aurten ere, lortutako diru guztia Gazara bideratzeko; Gero Axular dantza taldekoak, berriz, bokata eta pintxoak saltzen ari ziren, ikuskizunetarako dirua lortzeko peskizan; ikasbidaietarako dirua lortzeko postuak ere nonahi zeuden... Donostiako Asanblada TransBolloMarikak, bestetik, “BolloTomas” antolatu zuen aurten ere. «Komunitate ez heteroarentzat batzeko espazio eta erritual propioak sortzeko» asmoz, egitarau oparoa osatu zuten: Maurizia koroaren emanaldia, trikipoteoa, bertso saioa, “saltxa batxata kuirra”... LEHIAKETAK Lagun giroan bada ere, lehiaketarako tartea ere izaten da San Tomas egunean. Donostian honako hauek izan ziren lehiaketen irabazleak: barazkietan, Carmen Etxeberria bergararra; fruituetan, Maddi Iradi hernaniarra; Euskal Herriko XXIX. Txistor Lehiaketan, Mikel Perez, Embutidos etxekoa; Donostialdeko ezti lehiaketan, Markox Pagola hernaniarra; Txorimalo lehiaketan, Jai Toki kultur elkartea; azkenik, Txistorra Gastronomian lehiaketan, Beti Lagunak elkarte irundarra. BIRIBILTZEKO, PARRANDA «Gauean giroa lasaituko da», jarraitzen zuen Ibarluzearen iragarpenak. Eta horretan ere arrazoi. Arratsaldean, atertu, eta azokako postuak desmuntatu ahala, Ikatz kalea eta bestelako parranda guneak jendez bete ziren. Gu, badaezpada, ez ginen sartu, behin sartuta ez baita erraza izaten irteera aurkitzea. Azken orduko informazioaren arabera, baten batek oraindik bila jarraitzen du. BILBON ERE GIRO EDERRA Bilbon San Tomas azokaren 76. edizioa egin zuten eta ez ziren atzean geratu: 243 kaseta, tokiko produktuen 166 postu, 12 txosna... Goizean goizetik sekulako euri jasa egin bazuen ere, jendetza izan zen Bizkaiko hiriburuan ere -guztira 10.000 bat pertsona-. Bizkaiko sukaldarien Bisubi elkarteak aurten ere ekimen solidarioa egin zuen. Zehazki, boluntario eta kolaboratzaileen artean 4.500 babarrun errazio prestatu zituzten, sakramentu eta guzti. Bildutako euro bakoitza Bizkaian ongizatearen eta inklusio sozialaren alde egiten duten elkarteetara bideratuko da. Konstituzio plazaren erdi-erdian pausatuta, ‘Poxpolo’ txerria zen lasaien zegoena Bizkaiko sukaldarien Bisubi elkarteak aurten ere ekimen solidarioa egin du