GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Txerrien, edo gizakien?, izurritearen harira


Afrikako txerri-izurritea Bartzelonako unibertsitate autonomoaren ondoan bizi diren basurde katalan ilustratuetan ezarrita zegoela, ogitarteko kutsatua atera zen; hori bai, errua kanpotarrei (kamioilari europarrei...) bota diete, inguruan basurdeek egunero organiko-edukiontzia self-service moduan erabiltzen dutenean. Astebete beranduago laborategi bat aipatu zen, gaia ikertzen zuena, baina isilka. Covid garaiko trazak dituzten txatal “konspiranoikoak”.

Hasteko, lehenengo txerri-ekoizlea gara Europan, eta hirugarrena mundu mailan, ideia bat egin dezazuen. Hau dagoeneko ez da lehen sektorea, hau agroindustria da, letra larriz. Sektore honen %70 baino gehiago pentsu-etxeek edo inbertsio-talde handiek kontrolatzen dute. “Espainia hustua” deritzona “okupatzen” dute talde horiek, makroetxaldeak jarriz herri ttikietan, “Bienvenido Mr. Marshall” diskurtsopean, eta makroetxalde horiek gehitzen zaizkie gaur egun hain modan dauden biometanizazio plantei, zeintzuk, diotenez, animalia-kontzentrazio handietatik eratorritako ezustekoak arintzeko diren.

Lorentzo Sarratea gure EHNE sindikatuko kide eta estentsiboko txerri-ekoizleak (Nafarroako bakarrenetakoa) esaten zuen txerri-izurria bezain arriskutsuak direla izurri hori desagerrarazteko neurriak, eta, hain justu, huste sanitarioaz ari zen.

Huste sanitarioa da kasu horietan erabili behar den azkenengo baliabidea. Imajinatzen al duzue huste sanitario bat ezartzea Andaluzian eta Extremaduran eta estentsiboan dauden “pata negra” txerri guztiak eliminatzea (hiltzea)? Imajinatzen al duzue Euskadin Basatxerri eta Nafarroan eta Iparraldean Euskal Txerriak markapean estentsiboan dauden txerri guztiak hiltzea? Huste sanitarioaren tamainako neurri hori korporazio handiek bakarrik jasan ahal izango dute, baina estentsiboan lan egiten duten pertsona guztiek ustiategia itxi beharko dute, ez baitago neurri hori jasaten ahal duen etxeko/familiako ekonomiarik. Eta hor korporazio handiak izango lirateke irabazle.

Aspaldi honetan, EHNE Nafarroa sindikatutik behin eta berriz esaten genbiltzan beharrezkoa dela esponentzialki ugaldu diren eta gaixotasunen foku izan daitezkeen espezieen ehiza-kontrola areagotzea. Ikusitakoak ikusita, ehiztari profesionalen figura inoiz baino beharrezkoagoa da, urte luzez egin dugun aldarrikapena, baina erantzunik ez.

Ehiztari profesionalen faltan, UME sartu da, armaden existentzia justifikatzeko txiribuelta bikoitza.

Bien bitartean, sektorea krisia jasaten ari da, prezioak oro har jaitsi egin direlako. Paradoxikoki, Afrikako txerri-izurriterik ez dago inongo etxaldetan.