DEC. 26 2025 REUNION Bi munduren artean Gaizka IZAGIRRE HERNANI Azken urteotan telesailetan gorreriaren irudikapenak bilakaera nabarmena izan badu ere, gehienetan errealitatetik nahiko urrun kokatu izan dira. Ez da inondik inora ere “Reunion” telesailaren kasua. Errealitate hori kontakizunaren erdigunean jartzen du, eta, ohiko drama soil batetik urrun, thrillerraren lurraldeetara eramango du ikuslea, tonu likits eta gordina erabiliz. William Mager gidoilari gorrak idatzitako telesaila da. Daniel Brennan izeneko gizon gor baten ikuspuntutik kontatua dago, fisikoki zein emozionalki gizartetik isolatua dagoen pertsona baten begietatik, hain zuzen ere. Hasieratik ezagutuko dugu Daniel Brennan: hamar urteko zigorra bete ondoren espetxetik atera berri den gizon gorra da. Brennanek bi munduren artean harrapatuta dagoen pertsonaren borroka irudikatzen du: ez da gai entzuten dutenen munduan erabat integratzeko, eta komunitate gorraren aldetik arbuiatua sentitzen da; iraganean egin zuen zerbaitek izango du gaitzespen horren gakoa. Matthew Gurneyk antzezten du Brennan, eta ikusleari gertatutakoa poliki-poliki azalduko zaio, bidean utzitako ogi apurren moduko flashbacken bidez. Ezin da ukatu istorioa nahiko arrunta dela; hala ere, gorren errealitatea erdigunean kokatzeak bestelako itxura eta sakontasuna ematen dio narrazioari, eta, aldi berean, telesailari, oro har. Teknika zinematografikoa beti narrazioaren zerbitzura jarri dela nabarmendu beharra dago: azpitituluak, soinu efektuak eta hain baliotsua den isiltasuna modu burutsuan erabiltzen dira. Hain zuzen, horri esker, ikusleak frekuentzia ezberdinetan jarduten duen mundu baten aurrean dagoelako sentsazioa jasoko du, eta mundu horren dinamika eta tentsioa modu bizi batean biziko ditu.