JAN. 02 2026 EUSKAL MUSIKARIAK ESKOZIAN Hogmanay jaialdiak euskaraz kantari agurtu du urte berria Euskal musika ohorezko gonbidatua izan da Edinburgoko Hogmanay ospakizun entzutetsuan, urte berria agurtzeko. Marenek, Mikel Urdangarinek eta Olaia Inziartek kontzertu bana eskaini dute, zenbait musikari eskoziarrek lagunduta. Ospakizunean nazioarteko kultura batek parte hartu duen lehen aldia izan da. Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda. (Fair Saturday) Xabier IZAGA Edinburgok euskaraz kantari agurtu zuen atzo urte berria. Hiri horretan urte berria agurtzeko egiten den Hogmanay jaialdi entzutetsuan nazioarteko gonbidatuak izan ziren lehen aldiz, Euskal Herrikoak, hain zuzen. Hogmanay Eskoziako jairik garrantzitsuenetakotzat jotzen da, eta atzo Mikel Urdangarin, Maren eta Olaia Inziarte izan ziren Eskoziako hiriburuan, euskal kulturaren enbaxadore. Ekimena Fair Saturday fundazioaren eta Unique Events Hogmanayko ospakizunen antolatzailearen arteko lankidetzaren ondorio da, eta Eskoziako Gobernuaren eta Edinburgo hiriaren babesa dauka. Euskal ordezkariek Greyfriars eliza ikonikoan eman zituzten beren kontzertuak, atzo, 14:00etatik aurrera, milatik gora ikusleren aurrean. Zenbait eskoziar artistak lagunduta, hala nola Valtos taldeak. Antolatzen dituen ekitaldi kulturalek oihartzun sozial nabarmena izan dezaten ahalegintzen da Fair Saturday fundazioa, eta asmo horrekin egiten ditu proiektu asko, hala nola Ura Bere Bidean, euskal artista garaikide eta garai ezberdinetakoen elkargunea, eta Bilbo Kultura Sozial Forum, bioesklusioan dauden neska-mutilen mezenasgo sare bat, ikasketa artistikoak izan ditzaten laguntzeko. Ekimen asko egiten dituzte, eta Eskoziakoa da horietako bat, Euskal Herritik bultzatua. Unique Events, bestalde, Edinburgon urteko ekitaldirik nabarmenenak antolatzen dituen erakundea da, eta Fair Saturday fundazioak harekin elkarlanean jarduten du Eskozian. «Edinburgok egiten dituen ospakizunen barnean -abuztuko jaialdiak eta- oso berezia da urte bukaerakoa, Hogmanay», azaldu zion Jordi Albareda fundazioko arduradunak NAIZi. Astelehenean, esate baterako, Eskoziako iparraldean zuzi prozesio bat izan zen, «oso bikingoa», 15.000 pertsona bildu zituena. EUSKAL HERRIAREN ETA ESKOZIAREN ARTEKO LOTURA Orain dela bizpahiru urte, Unique Events-eko arduradun Alan Thompsonekin harremana dutenez, pentsatu zuten Euskal Herriaren eta Eskoziaren arteko loturak sendotzea kulturaren bidez, modu iraunkorrean. Asmo horri joan den udazkenean eman zioten lehen bultzada Ura Bere Bidean ekimenean, eta Valtos banda eskoziarreko kideak artista gonbidatuak izan ziren, eta ceidlih edo eskoziar musika ekitaldi tradizional berezi bat eman zuten. «Pentsatu genuen zein polita izango litzatekeen Ura Bere Bidean elkargunean artista eskoziar bat egotea», esan zuen Albaredak, «eta hortik etorri zen Valtosen emanaldia, eta bisita itzultzea, gaurko ekitaldietan lehen aldiz euskal artistak izatea». Eskoziako Gobernuari «ideia bikaina» iruditu zitzaion eta aurrera egin zuten. Zer artista aukeratu erabaki zuten, musika motaren arabera: Mikel Urdangarin, Maren eta Olaia Inziarte; «baina honek aurrera egin dezan bokazioarekin. Konfiantzan oinarritutako lana da, eta gizarte zibiletik egina ere, esango nizuke». Alan Thomson Unique Events-eko arduradunak dioenez, lankidetza horrek «Eskoziaren eta Euskadiren arteko loturak ospatzen ditu, nortasun kultural propioa eta musika tradizio sakonak dituzten bi lurralderen arteko lotura». Eta Albaredak uste du horrela sortzen direla tradizioak, «ekimen txiki gutxi gorabehera anekdotikoetatik; baina, sendotzen baditugu, azkenean zerbait handiagoaren parte bihurtzen dira, ezta? Kontakizun handiago baten parte». Hogei euskal musikari inguru egon dira Edinburgon, ohorezko gonbidatu gisa egun hauetako ospakizunetan, hala nola ohiko zuzien prozesioan, Gabon zaharreko kontzertuan eta herenegun gaueko ikus-entzunezko eta su artifizialen ikuskizunetan. Ohorezko gonbidatu gisa izan ziren astelehenean aurkezpen ekitaldian. Jordi Albaredaren esanetan, hau lankidetza sakonago baten abiapuntua da; «espero dugu datorren urtean beste euskal artista batzuk egotea Urteberriko ospakizunetan, eta lankidetza horrekin jarraitu ahal izatea hurrengo bi urteetan; gainera, lanean ari gara Eskozian Ura Bere Bidean emankizuna 2026an edo 2027an egin ahal izateko. Oso eskertzekoa da Unique Eventsen, Eskoziako Gobernuaren eta Edinburgo hiriaren jarduna, guk proposatutakoan sinesteagatik eta posible egiteagatik». Gobernuaren eta Edinburgoko Udalaren ordezkariek, Unique Events erakundeko ordezkariekin batera, euskal artistei harrera egin zietenean esan zutenez, ospakizun horietan lehen aldiz izan da nazioarteko lankidetza bat, Euskal Herriarena. Jane Meagher Edinburgoko Udaleko bozeramaileak esan zuen Hogmanay aukera ona dela Edinburgok ospatzen badakiela erakusteko. «Benetan pozik gaude hirian euskal kantariei ongietorria egitearekin», gaineratu zuen. EUSKAL MUSIKA LEKU BEREZIAN Hiriko 18 lekuk hartu dituzte kontzertuak, baina Albaredak dioenez, badira lauzpabost oso ikonikoak, hala nola Edinburgoko katedrala eta Greyfriars eliza, euskal musikariek atzo jo zuten lekua. 14.00etan, Maren aritu zen; 15.00etan, Mikel Urdangarin; eta 16.00etan Olaia Inziarte. 17.00etatik aurrera, artista eskoziarren txanda izan zen, tartean Valtos taldearena, eta, hain justu, talde horrekin egin zuten euskal kantariek kolaborazio bat. Egun hauetan Edinburgon izan diren ekitaldiak aurkezten dituen liburuan “Sounds of Scotland and the Basque Country” izenburupean azaltzen dira euskaldunen kontzertuak. «Hiru artista gonbidatzetik harago doa, eta merkataritza industria edo datorren musika industria sustatzea baino gehiago da. Badago alde kultural bat, errekonozimenduarena, ohorearena, harremanak estutzeko nahiarena, harrotasun handia eragiten diguna, ezta?», iritzi zion Albaredak. Jaialdiaren kartelak daude hiri osoan, «eta harro gaude artista guztien izenak haietan sartu direlako, hor kartel buru gisa Mikel Urdangarin, Maren eta Olaia Inziarte agertzen baitira, oso hunkigarria». Pozik eta esker oneko agertu zen Albareda Eskoziako Gobernuaren eta Edinburgo hiriaren babesagatik, «eskerrak eman nahi nizkieke emandako laguntzagatik»; pozik eta esker oneko agertu zen, halaber, Unique Eventsekin izandako lankidetzagatik. «Esan dizudan bezala, jaialdi batean parte hartzetik harago doalako, ezta? Izan ere, lehen aldia da Eskozian, Edinburgon, Urteberriko ospakizunetan kanpoko kultura bati parte hartzea eskaintzen zaiona, eskoziarraz bestelako kultura bati ongietorria egiten zaiona, eta hori euskal kultura izatea...», jarraitu zuen Albaredak. «Sekulakoa da euskal kultura zer xamurtasun, maitasun eta ohorerekin tratatzen ari diren, letra larriz azpimarratzeko modukoa da». Euskal artistei ere eskerrak eman nahi izan zizkien: «Nabarmendu nahiko nituzke. Oso polita da hemen kantatzea, baina ez dezagun ahaztu urtarrilaren batean Marenek, Olaiak, Mikelek eta beren taldeek ahalegin bikoitza egin zutela, Urtezahar gauean eta Urteberri egunean ez zirelako etxean egon». Euskal artistek Eskozian emandako kontzertuetara bertaratu zirenek haien abesti onenen aukeraketa bat entzun zuten. Martyn Macdonald Valtos taldeko kantariak kontzertuen bezperan adierazi zuenez, pozik zeuden, «gure lagun euskaldunekin aritu ahalko garelako. Edinburgok euskal musikaren inguruan festa on bat ospatzea nahi dugu». EUSKAL MUSIKARIAK, HUNKITUTA Eskoziara iritsi berritan, Marenek esan zuen benetan hunkituta zegoela Edinburgora lehen aldiz joateko eta bertan jotzeko aukerarekin. «Oso garrantzitsua da kulturak musikaren bidez lotzea eta, jakina, agertokia Mikelekin eta Olaiarekin partekatzea. Ziur nago esperientzia ahaztezina izango dela». Olaia Inziartek adierazi zuenez, 2026 urtea Edinburgon jotzen hasteko ilusioa zuen, are gehiago Hogmanay bezalako testuinguru berezi batean; «asko motibatzen nau nire musika hara eramateak eta Eskoziako artistekin agertokia partekatzeak, asko gustatzen zait kulturak eta moduak nahastuz musika ulertzeko ideia. Ospakizun polita eta oroitzeko kontzertua izango da, bai publikoarentzat bai guretzat». Halaxe izan zela egiaztatu zuen Albaredak kontzertuen ostean. Mikel Urdangarin Edinburgon bizi izan zen duela hainbat urte, eta Albaredari esan zionez, oso hunkigarria zen beretzat. «Luze hitz egin genuen, eta hiru euskal artistontzat oso berezia da, baina Mikelentzat, pentsa. Honen guztiaren garrantzia ikusten genuen, eta gure txikitasuna. ‘Aizu, zer unetan, nola egin dugu aurrera hemen?’. Umiltasunetik esaten dut gure txikitasuna», bukatu du Albaredak. Hogmanay ospakizun berezia bizi izan du aurten Edinburgok euskal kantarien presentziarekin. Hogmanay ahaztezina euskal musikarentzat.