JAN. 12 2026 Iluna Jon GARMENDIA Idazlea Hau ez da Groucho Marxen «ez badituzu nire printzipioak gustuko, lasai, baditut beste batzuk» esaldia. Baina zergatik nabilen Venezuelaren alde galdetu didazu, eta, «ezin dudalako AEBn alde jardun» erantzun dizut, zuzen bezain motz. Baditut argudio sakon eta aberatsagoak, noski, zentzuzkoak, edo arrazionalagoak. Baina zerbaitetarako balio al dute? Hasten naiz: ezin dut gizon lirainjaren hitz eta egiteko modua jasan, jakinda korporazioek zein indar duten AEBko kanpaina politikoetan, arautu gabeko diru kopuruak gastatuz, lege sistemak baimenduta, eta emaitza guztiak heien interesera jarrita, benetako demokrazia indargabetzeko; hortik baitator Trumpen aldekoen (eta bere) interesen babesa. Edo erran niezazukeen Josu Jon Imaz bezalako gizon ilunek aurkakotasuna sortzen didatela, ilun-eskasek, ilun-aprobetxategiek eta ilun-teknokratek. Zer erranik ez besteen ondasunak ebatsiz negozioa egiten dutenek, inperialistek. Orain, gu ere ez ote gauden horren guztiaren barnean. Zein ongi doan bizitza ona. Ondo dagoena ondo dago, ezta? Baina Grouchoren esaldia ez dela berea erratera nator, ez dela behinola sinistu genuen esaldi brillantea. Zeelanda Berriko egunkari batean 1873. urtean argitaratu zutelako, eta geroago beste askotan, agidanean Groucho sortu baino lehenago. Beraz erran nahi dizut, iluntasun honetan, guri ere, Venezuelari buruz gezur bat egia bezala aurkeztu zigutela aspaldi, eta sinistu egin genuela, Grouchoren esaldia bezala, hori baizik ez.