JAN. 16 2026 Bigarren mailakoak? Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Hollywoodeko sarien denboraldia ofizialki Critics’ Choice Movie Awards sariekin hasi zen eta, galan une pozgarriak izan baziren ere, gertaera jakin batek polemika piztu zuen: ingelesez besteko film onenaren saria emateko moduak. Kleber Mendonça Filho zinemagilearen “O Agente Secreto” film bikaina 1977an girotutako thriller politikoa da, Brasilgo diktadura militarraren itzalpean kokatua, sakonera historiko eta emozional handikoa. Saria Mendonça Filhoren filmak irabazi zuen baina, gainerako kategorietan ez bezala, ez zen zeremonia nagusian iragarri. Horren ordez, alfonbra gorrian eman zen, modu inprobisatuan, zuzendariari elkarrizketa baten erdian zegoenean. Segundo gutxiren buruan, Mendonça Filhok bertan jaso zuen saria, harrituta, ez hitzaldirik emateko, ezta filmeko lantaldeari eskerrak emateko aukerarik ere izan gabe. Ze kasualitatea sariak banatzeko modu “berri” hau Hollywoodekoa ez den film batekin egin izana, ezta? Errespetu falta nabarmena izateaz gain, lotsagarria da zer-nolako lekua ematen zaien oraindik ere nazioarteko ekoizpenei. Azken urteotan joera apurka aldatzen ari bada ere -“Parasites”, “The Zone of Interest”, “I’m Still Here”…-, Hollywoodekoek munduaren zilborra direla uste dute, eta iparramerikarrak ez diren filmak bigarren mailakoak izango balira bezala tratatzen jarraitzen dute. Lotsagarria.