JAN. 19 2026 HELDIN Korridore amaigabeetan pilatzen den nekea Gaizka IZAGIRRE HERNANI The Pitt” telesail bikainaren bigarren denboraldi bete-betean gauden honetan, “Heldin” iritsi berri da zinemetara. Hainbat antzekotasun dituzte biek: gaia, ia denbora errealean eraikitako narrazioa, errealismo gordina, egunerokotasunaren tentsioa... Baina bada diferentzia nagusi bat: iparramerikarra obra korala da, eta film suitzarraean, aldiz, narrazioaren zama osoa Leonie Beneschen sorbaldetan pausatzen da. Eta zama horri maisutasunez eusten dio. Filmak Suitzako ospitale bateko gaueko txanda agertzen du, erizain baten ikuspuntutik kontatuta: Floria (Leonie Benesch). Egun horretan osasun-langileen falta nabarmena da, eta bi pertsona bakarrik daude solairu oso bati aurre egiteko. Tonu ia dokumentala erabiliz, kamerak atsedenik gabe jarraitzen dio protagonistari, ia harrapatuta balego bezala. Ez dago azpimarratze melodramatikorik, ezta diskurtso moralistarik ere: kritika isilean pilatzen da, akidura pilatuan, korridore amaigabeetan barna, pazienteen bizitza (eta heriotza) baldintzatzen duten erabaki txiki baina etengabeetan. Erdizka artatutako paziente bakoitza, pertsonal faltagatik azkartzen den protokolo bakoitza eta protagonistaren gainean hegan dabilen errore potentzial bakoitza salaketa mutu bihurtzen dira. Leonie Beneschen antzezpen lana neurrizkoa bezain suntsitzailea da. Keinu txikiekin eraikitzen du pertsonaia: gogortzen den begirada, nekeak apurtzen duen irribarrea, etengabe mugimenduan dagoen gorputza, ia gelditzeko unerik aurkitzen ez duena. Kamerak ia denbora errealean jarraitzen dio, eta larrialdi sentsazioa areagotzen du. Filmak agerian uzten du sistemak berak sortzen duen arrakala: gizatasunean oinarritutako lan bati ezinezko erritmoak inposatzen dizkion egitura bat.