JAN. 22 2026 Komunitatea Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Zorionez, hiru egunetik behin, topatzen dut musikaren sen komunitarioa gogoratzen didan adibideren bat. Eta onartzen dut, hein batean, dardarizoak hartzen nauela gurasoak eta 11 urteko umea ikusten ditudanean Pettiren kontzertu batean, elkarrekin, gauez eta areto itxi batean. Pozak hartzen nauela kalean noala norbait desafinatzen entzutean; lokalen batean, edo etxe horretan bertan, zabalik dagoen leiho horren atzean. Hara hor, tronpeta besazpian hartuta entsegu aurreko azken zigarroa amatatzen ari den musikari ultra amateurra. Bandako kide gehienak sartu dira eta kakofonia miresgarrian ari dira berotzen. Guraso gaztez beteta dago musika eskolaren ataria. Bat estututa dabil, handik hamar minutura nagusiena futbol entrenamendutik jaso behar duelako. Eskola kirola da musikaren etsai nagusia adin hauetan. Askotan ikusten ditut (herrian bost abesbatza daude) tenore/soprano anonimoak partituraz betetako karpeta beltzez armatuta, kalean, postentseguko potea hartzeko bidean. Eta zer esan dantzatzeko aukerarik txikiena ere barkatzen ez duten erromeriazaleez, lekurik xelebreenetan topa ditzakezu pika eta erdi, pika eta erdi, martzialtasun herrikoia praktikatzen, gozatzen... Musika, zorionez, egilearen eta bezeroaren arteko harreman komertzial hutsa baino askoz ere gehiago badelako, komunitate oso baten ahotsa.