GARA Euskal Herriko egunkaria

2025eko ikusienak


EZAEk EAEko zinema-aretoetako ikusle-datuak biltzen ditu, eta urtero txosten bat argitaratzen du. 2025. urteko datuei erreparatuz gero, aretoek beherakada txiki bat izan dutela irakur daiteke, sarreren salmentan eta ikusle kopuruan, eta datuek agerian utzi dute pandemiaren ondoren hasitako susperraldi-prozesua etenda dagoela.

Zehazki, aretoek %3ko jaitsiera izan dute diru-bilketan, 2024. urtearekin alderatuta. Hala ere, ikusle jaitsiera txikia izan da, eta diru-bilketa nahiko egonkor mantendu da; beraz, sektorea egonkortze fasean dagoela ondoriozta daiteke; oraindik 2019ko zifretatik urrun.

Gehien ikusi diren hamar filmak honako hauek izan dira: “Lilo & Stitch”, “Los domingos”, “Avatar”, “Jurassic World”, “Minecraft”, “Zootropolis 2”, “How to Train Your Dragon”, “Padre no hay más que uno 5”, “Mufasa” eta “Maspalomas”.

Pozgarria da “Los domingos” bigarren postuan ikustea, eta “Maspalomas” hamargarrenean, baina gainerako izenburuei erreparatuta aitortu behar dut egoerak tristura apur bat eragiten didala.

Frankizia handien eta formula ezagunen zarataren artean, badirudi ahots xumeagoek nekez egiten dutela bidea pantaila handiraino. Zinema-aretoak oraindik ere elkargune dira, emozio partekatuen tenplu; baina tenplu horietan gero eta gutxiago pizten da pentsarazteko edo bestelako munduak iradokitzeko gai den argia.