JAN. 24 2026 «7 urte»: thriller bat, bost aktore ezagun eta gakoetako bat, euskara «Luxu bat» izan dela esan du Agurtzane Intxaurraga zuzendariak Basauriko Sozial antzokian atzo iluntzean estreinatu zuen “7 urte” antzezlanaz hitz egitean. Antzerkigile beterano honek orain justu hamar urte Roger Gual zinemagile katalanak estreinatutako thriller kitzikagarria oholtzaratu du, euskarara egokituta, hasi berri den Vidania Teatroarentzat. Euskarazko bertsioa baino ez da egongo. Xake partida baten gisara taularatu dute filmaren bertsioa. (Miguel ARROSPIDE) AMAIA EREÑAGA BILBO Duela hamar urte, 2016. urtean, estreinatu zen “7 años” filma, Roger Gualek zuzendurikoa. Bulego batean gau batean enpresa bateko bost kidek iruzur egin izanagatik hartu behar duten erabakiaren inguruko eztabaida gorabeheratsua zen thriller haren mamia. «Zineman efektu bereziak baino gehiago eskatzen dutenentzako egokia. Pertsonaien arteko dueluak gaur egungo gizartearen miseriak agerian jartzen ditu», irakurri genuen orduko zinema kritiketan. Handik pare bat urtera antzerkira eraman zuten -Daniel Verones argentinar ospetsuaren bertsioan- eta, orain, 2026an, Vidania Teatroak euskarara eta gure antzerkira ekarri du, apustu ausarta eginez, euskarazko bertsioa soilik prestatu baitu, ez bikoitza normalean egin ohi den bezala -«luxu bat», Agurtzane Intxaurraga zuzendariarentzat-, eta lantalde sendo bat elkartuta. Oholtza gainean Kandido Uranga (“Heroiak”, “Maspalomas”), Jon Olivares (“Patria”, “Altsasu”), Iñigo Gastesi (“Gelditasuna ekaitzean”, “La infiltrada”), Dorleta Urretabizkaia (“Hil Kanpaiak”) eta Aitor Beltran (“Gelditasuna ekaitzean”) aktoreak. Zuzentzen, Agurtzane Intxaurraga dramaturgo eta zuzendari betera- noa. Itzulpena “Txiliku” Arangurenek egin du. Atzo antzezlana Basauriko Social Antzokian estreinatu ondoren, Bergaran ikusi ahal izango da otsailaren 21ean, Bermeon otsailaren 27an eta martxoaren 29an, aldiz, Hondarribian. «Kanon guztiak betetzen ditu lan honek», aipatu du Agurtzane Intxaurragak, prestatu duten egokitzapenari buruz mintzatzean. «Thrillerraren intriga du, lantalde potentea, gaia oso mediatiko eta ezaguna da, eta hori guztia jendearentzat erakargarria izan da». ZUK ZER EGINGO ZENUKE? Vidania Teatroaren ausardia azpimarratu du Intxaurragak: «Aipatzekoa da bere bigarren ekoizpenean hartu duen erronka», azpimarratu du. «Iñigo Gastesi aktorea Vidania Films ekoiztetxeko partaidea da eta antzerkiari dion maitasunagatik sortu zuen Vidania Teatro. Berak aukeratu zuen testu hau eta aipatu zidan duela hiru urte». Zuzendariak antzerkira eraman du istorioa. «Xake partida bat da eta piezak aktoreak dira. Teknologia berrien arloko enpresa arrakastatsu bateko lau sozio fundatzailek iruzur egin dute. Gaia, beraz, oso gaur egungoa da. Batzuetan goi mailetan bakarrik gertatzen dela dirudi, politikari edo enpresari handien artean, baina ez. Nik uste dut gizarteko arlo askotan ikusten dela gogo hori: Ogasunari iruzur egitearena. Eta, gainera, ematen du azkarragoa zarela hori egiten baduzu», esan du. Horrela hasten da istorioa: «Abokatuaren dei bat jasotzen dute, esanez: ‘Ez zarete libratuko. Astelehenean hor duzue polizia judiziala. Eta ez da diru kontua edo diruarekin konponduko duzuen zerbait, jokoan zazpi urteko kartzela zigorra dagoelako’. Elkarren artean erabakiko dute laurak kartzelara joan beharrean, batek erru osoa bere gain hartzea; bera bakarrik joan dadin kartzelara, eta kito. Bitartekari bat adostu dute [Kandido Uranga]». «Antzezlanak azkenean etikaz, moralaz... hitz egiten du», gehitu du Intxaurragak. Eta galdera zorrotzak plazaratzen ditu; esate baterako, “Zer egingo zenuke zuk zazpi urteko kartzela zigorra ekiditeko?”. «Publikoak ondo pasatuko du, eta buruan galdera batzuk dantzan dituela aterako da antzokitik», amaitu du. IRUZUR EGIN«Teknologia berrien enpresa arrakastatsu batean lau soziok iruzur egin dute. Batzuetan goi mailetan bakarrik gertatzen dela dirudi, baina gizartearen arlo askotan ikusten da gogo hori: Ogasunari iruzur egitea. Eta, gainera, ematen du azkarragoa zarela hori egiten baduzu», esan du Intxaurragak.