JAN. 24 2026 EDA campus-en lehen harria EDA Drinks & Wine Campus-en lehen harria jarri dute Guardian. Arabako Errioxa «abangoardian» kokatzea du helburu ekimenak. EDA Drinks & Wine Campus eraikin berriaren lehen harria jartzeko ekitaldia. (Endika PORTILLO | FOKU) GARA EDA Drinks & Wine Campus eraikineko aurreneko harria jartzeko ekitaldiak eman zion hasiera, atzo, «ardoaren eta edarien sektorean formazioa, ikerketa eta garapena sustatuko dituen proiektu estrategikoari». Arabako Errioxa arlo horretako «abangoardian kokatzea» da horren helburua. Lakuako Gobernuak, Basque Culinary Centerrek eta Arabako Foru Aldundiak sustatuta, ardoari eta edariei buruzko formakuntza-egitasmoa da EDA Drinks & Wine Campus. Hala, etapa berri bati ekin zaio, Campusaren egoitzak eraikitzen hasiko baitira. Bertan izan ziren Amaia Barredo Lakuako Gobernuko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Raul Garcia Guardiako alkatea eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia. Bere hitzaldian, Barredok nabarmendu zuen Lakuak «garrantzi handiko erabakiak hartzen» jarraituko duela sektoreak dituen zailtasunei aurre egiteko. «Instalazio honek aukera emango digu Arabako Errioxa nazioartean proiektatzeko, berrikuntza bultzatzeko eta euskal mahastizaintza eta ardogintza sektorea indartzeko».