GARA Euskal Herriko egunkaria
ARCO

Isiltasunetik hitz egiten duen animazio lan ederra


Animaziozko zinemak inoiz baino proposamen interesgarri gehiago eskaintzen dituen garai honetan, askok erritmo frenetikoaren alde egiten dute: estimulu etengabeak, muntaketa azeleratuak eta trikimailu bisual amaigabeak, bereziki etxeko txikienen arreta harrapatzeko. Testuinguru zaratatsu horretan, “Arco” bezalako proposamenak arnas fresko gisa hartzen dira, besoak zabal-zabalik.

Istorioa 2075. urtean kokatuta dago. Iris izeneko 10 urteko neskatoak ostadar-jantzi bat daraman mutiko misteriotsu bat zerutik erortzen ikusten du. Jantzi horrek denboran zehar bidaiatzeko aukera ematen dio. Mutikoaren izena Arco da eta 2932. urtetik dator. Irisek ahal duen guztia egingo du etxera itzultzen laguntzeko.

Ikusleekin konektatzeko eta emozioak helarazteko, filmak ez du oihu, garrasi edota estimulu beharrik. Aitzitik, narrazio pausatu baten, irudi zaindu eta adierazkorren eta apurka eraikitako emozioen bidez egiten du. Zientzia fikziozko abiapuntua ez da abentura korapilatsu bat garatzeko erabiltzen, baizik eta barne-bidaia baterako ate gisa: denborari, oroimenari eta harremanei buruzko gogoeta samurra da emaitza.

Filmak hasieratik sinesten du haurren sentsibilitatean eta adimenean. Ez du erantzunik inposatzen; galderak xuxurlatzen ditu hausnarketarako ateak irekiz. Eskertzekoa da publiko gaztea leuntasunez eta goxotasunez tratatzea. Alde horretatik, Miyazakiren oihartzuna nabari da: tonu poetikoan, naturarekin duen harremanean eta emozioak era apalean lantzeko moduan.

Baina filmak ez du soilik ikusle txikien adimena errespetatzen. Denok gonbidatzen gaitu lasai begiratzera, xehetasunetan gelditzera, denborari bere erritmoa uztera. Presarik gabe kontatutako istorio zoragarria da, bihotzera iristen den horietakoa. Ederra!