GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Orain konformatu ala urratsak egiten jarraitu?


TASek hartutako erabakiaren ostean Euskadiko Federazioa Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko kidea da. Lorpen hori 1990. urtetik hona euskal pilota selekzioaren alde borrokatu eta lagundu dugun herritarron, pilotarion, elkarteon eta federazioaren garaipena da.

Baina gure uste apalean, orain jarraitu beharra dago; izan ere, hainbat urtez aldarrikatutako ofizialtasunaren parte bat baino ez da orain berretsitako ofizialtasuna eta, ondorioz, Nafarroako eta Iparraldeko pilotariek oraingoz ez dituzte EAEko pilotarien aukera berdinak, eta, horrenbestez, amestutako selekzio horretan aritzeko oraindik beste hainbat baldintza “antinatura” bete beharko dituzte.

Badakigu, eta horren jabe gara, Euskal Herria osatzen duten zazpi lurraldeetako euskal pilota selekzioa lortzea ez dela erraza izango, besteak beste, egun dagoen lurralde administrazio zatiketari bi estatu ezberdinen barruan kokatuta egotea gehitu behar diogulako.

Baina hori horrela izanda ere, orain galdera hau da: ba al dago gure artean nahikoa borondate EAEko azken hauteskundeetan irabazle atera zen “Pilota zazpi haizetara” aldarrikapena zabaltzeko eta, horren barnean, Euskal Herriko pilota selekzioa antolatzeko eta kudeatzeko? Edo oraingo urrats honekin betirako konformatu behar dugu?

Eta hori da euskal pilotari eta Euskal Herriko pilota selekzioari lotuta hor tartean urteak daramatzagunok mahai gainean jartzen dugun gogoeta.

Euskal Herriko selekzioaren aldeko aldarrikapena: Euskadiko Federazioak Euskal Autonomia Erkidegoa bakarrik ordezkatzen duenez (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eta gainontzeko lurraldeak (Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa) Euskal Herriko selekzioa ordezkatu eta kudeatuko duen egitura baten parte ez direnez, aldarrikapen sozial horri eutsiko zaio, batez ere kluben eta pilotarien mailan.

Euskadiko Federazioa: Euskadiko kluben asanbladaren gehiengoak bozkatu zuen “Pilota zazpi haizetara” hauteskunde programa aurrera eramateko garaia da. Ordua da Euskal Herriko beste lau herrialdeekin berdintasunezko harremana lortzeko, horretarako tresna juridikoak daudelako. Ordua da elkarrekin hitz egin eta dauden zailtasunak gainditzeko, ibilbide honetan lortutako babes asko Nafarroatik eta Iparraldetik heldu direlako.

Nafarroako Federazioa eta Iparraldeko Pilota Batzordea: sentsibilitate guztiak errespetatzearen alde daudela erraten dute. Praktikan, ez dute Euskal Herriko gainontzeko herrialdeekin lotura formalik eta aldiz, Espainiako eta Frantziako federazioetako kide izaten jarraitzen dute, pilotariek Euskadiko selekzioarekin jokatzeko baldintza ia ezinezkoak dituzten bitartean.

Erakundeak, Nafarroako, EAEko, Espainiako eta Frantziako gobernuak, udalak eta alderdi politikoak: Euskal pilota tresna politiko gisa erabiltzeari utzi eta kirol hau zaindu, lagundu eta ondasun komun gisa tratatzera igaro.

Bada garaia mundu pilotazale osoaren eskubide eta sentsibilitateak errespetatu eta aldi berean euskal pilotaren aldeko batuketa egiteko!

*Sinatzaileak: Martin Ibarra, Xisto Janariz, Mikel Larralde, Patxi Jauregi, Martxel Toledo, Jexus Unanue eta Javier Eguia.