JAN. 30 2026 Atxaga eta Muguruza, sarituak Iruñean Nafarroako Ikastolen Elkarteak Bernardo Atxaga idazlearen eta Jabier Muguruza musikariaren ekarpena aitortu zuen atzo. Bernardo Atxaga eta Jabier Muguruza, sariarekin. (Iñigo URIZ | FOKU) GARA Nafarroako Ikastolen Elkartearen Iruñeko San Anton kaleko egoitzan jaso zuten atzo iluntzean 2025eko NIE saria Bernardo Atxaga idazleak eta Jabier Muguruza musikariak. Eta zergatik biei batera? Badu arrazoi bat; euren ibilbidean izan duten harreman artistikoa bereziki emankorra izan da; 90eko hamarkadaren hasieratik errezital musikatuak eta diskoak landu izan dituzte elkarrekin. «Biak ala biak izan dira euskararen normalizazioaren eta transmisioaren aldeko eragile sendoak, herri honen imajinario kolektiboa aberastu dutenak», adierazi zuen Nafarroako Ikastolen Elkarteak. NIE sari honekin bi sortzaile hauen «ekarpen linguistiko, artistiko eta kultural aparta» aitortu nahi izan dute. Eta badago beste zerbait ere: 1992an Vianako Nafarroa Oinezerako sortu zuten “Arraroa noski” kanta («Ze(in) arraroa euskararik gabe Nafarroa», zioena): «Abesti hura ez zen jai baterako soinu-banda hutsa: hizkuntzaren eta kulturaren balioa aldarrikatzeko modu ausarta izan zen, harrotasuna, identitatea eta konpromisoa kantuan jarri zituena. Denborarekin, ereserki bilakatu da», gogorarazi zuten Ikastolen Elkarteko ordezkariek.