FEB. 03 2026 ETXEBIZITZAREN AFERA Interview Xabier Alkuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentea «2026. urteari begira etxebizitza da daukagun erronkarik handiena» 2026. urtean etxebizitza izango da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren helburu nagusia. Egun bizi den egoeraren aurrean nola jardungo duten azaltzeko, NAIZ Irratian izan da Xabier Alkuaz (EH Bildu) federazioko presidentea eta Tafallako alkatea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Peli LEKUONA-Lander MARTINEZ Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) lurraldeko toki entitateak biltzen ditu, eta, besteak beste, haiek dituzten arazo eta erronkei konponbidea bilatzea du zeregin. Iaz, despopulazioan jarri zuten begirada, eta, aurten, etxebizitzaren afera jarri dute beren jardunaren erdigunean. Xabier Alkuaz, Tafallako alkatea eta federazioko presidentea, NAIZ Irratian izan da iragan urteko jardunaren berri eman eta aurtengo erronkei aurre nola egingo dioten azaltzeko. Alkuaz baikor agertu da 2025ean egindako lanarekin. NUKFko buruaren esanetan «2025a urte potentea izan da federazioaren arloan, gai asko genituen mahai gainean eta horiei aurre egin diegu. 2026an lehen erronka etxebizitzaren gaia da, eta esparru horretan jardungo dugu urtearen zati handi batean». Tafallako alkateak despopulazioa eta etxebizitzaren afera oso lotuta dauden arazoak direla nabarmendu du, elkarri eragiten baitiote. DESPOPULAZIOAN FOKUA Pasa den urteko lanaren harira, despopulazioa izan zutela ardatz azaldu du Alkuazek. «2025ean despopulazioaren inguruko parte hartze prozesua eraman genuen aurrera federaziotik. 162 hautetsi eta 113 toki entitatek hartu genuen parte, eta bertan 74 neurri zehatz bildu genituen despopulazioari aurre egiteko, gero Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari igorritako txostenean jaso zirenak». Arlo horretan Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eskumen exekutiborik ez duen arren, Alkuazek erakundeei eskatu die, egiten ari diren despopulazioaren aurkako legean eta landa garapenerako legean, proposatutako 74 neurriak aintzat har ditzatela, baita arlo berean oraindik egiteko dauden beste legeetan ere. NUKFko buruak, bai Nafarroako Gobernuak bai Nafarroako Parlamentuak neurri horiek begi onez hartu dituztela gaineratu du. EH Bilduko Tafallako alkatearen esanetan «74 neurri horiek gai asko lantzen dituzte, baina batez ere garraiobideei, komunikabideei eta etxebizitzari eragiten diete». ETXEBIZITZA, ERRONKA BERRIA Alkuazek aurtengo jarduna gehienbat etxebizitzaren arazoaren inguruan egingo dutela azaldu du, eta, era berean, federaziotik lan hori egitea funtsezkoa dela azpimarratu du: «Gure apurra jar dezakegu etxebizitzaren arazo konplikatu hau konpontzen laguntzeko». Besteak beste, etxebizitza hutsetan edota bizitzeko baimenik ez duten eraikinetan jarri dute begirada. «Argi dugu etxebizitza hutsen arazoa oso larria dela, baita despopulazioa pairatzen duten eremuetan ere, eta horretarako ordenantza tipo bat egin nahi dugu 2026. urtean, eredu bezala izan dezaten bai herri txikiek bai handiek arazo honi konponbidea emateko». «Bada etxebizitza hutsak zergapetzeko ordenantza eredu bat. Azken urteetan Nafarroako Gobernuak arau aldaketa asko onartu ditu, eta horietako bat da etxebizitza hutsei zergak jartzea udaletan. Horren haritik federazioak egin nahi duena da ordenantza eredu bat eta toki entitate guztiei helarazi, aplika dezaten», azaldu du Alkuazek. Bestalde, pasa den urtean aurkeztutako 74 neurrien artean, etxe zaharrei eta bizigarritasun zedula ez dutenei erabilera ematea jasotzen dela nabarmendu du, «etxebizitza horiek birgaitzeko eta jendea han bizi ahal izateko». EREMU TENTSIONATU GEHIAGO Etxebizitza irisgarria eskuratzeko garaiotan, alokairuen kostua muga nabarmena dela azaldu du federazioko presidenteak, horregatik, tentsionatutako eremuak lurralde osora zabaltzeko aldarria egin du. «Nafarroan 21 udalerri handienetan tentsio eremua ezarri da, baina federaziotik, gure ustetan, Nafarroa osoan jarri beharko litzateke neurri hau, etxebizitzaren arazoa Nafarroa osora iristen delako». Gogoan izan behar da iragan urteko erdialdean 21 udalerri horiek “merkatu tentsionatuko eremu” izendatu zituztenetik, alokairua %8,6 jaitsi dela udalerri horietan, eta bitartean etxebizitza eskaintza egonkor mantendu dela. ELIZAREN IMMATRIKULAZIOAK Elizaren immatrikulazioetan ere jarri dute begirada Nafarroako Udal eta Kontzeju Federaziotik. Jada 2025ean honen inguruan lanean aritu ziren, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Hitzarmen baten bitartez, ikerketak abian jarri zituzten udalerri ugaritan Elizaren jabetzako lurrek eta eraikinek jatorri publikoa edo komunala zuten jakin eta aukera izanez gero horiek berriro jatorrizko egoera horretara itzularazteko. Alkuazen esanetan, «ondare publikoa eta herrikoa defendatzea da toki entitateen eskumen bat, eta iaz Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bat sinatu genuen, hain zuzen ere, Elizak immatrikulatu zituen herri ondasun horiek ikertzeko. Gaur-gaurkoz, 152 toki erakundek egin dute bat hitzarmenarekin; iragan urtean 26k egin zuten bat hitzarmenarekin, eta orduan amaitu zen ikerketa hori. Orain hitzarmena berritu behar dugu Gobernuarekin; ideia ikerketekin jarraitzea da». NUKFko presidenteak azaldu duenez, ikerketak beren fruituak ematen ari dira, pixkanaka bada ere. «26 toki erakunde horietan bederatzi esparru identifikatu dira arlo juridikoan aurrera egiteko modukoak, publiko edo komunal bilakatzeko, eta horren barruan orain toki erakundeei dagokie lanean jarraitzea. Nafar Gobernuarekin hizketan gaude ea nola egin ahal diogun aurre honi, eta toki entitate horiek aurrera jarraitu nahi badute prozesuekin, federazioaren laguntza osoa izango dute». TENTSIONATUAK «Eremu tentsionatuak Nafarroa osora hedatu behar dira. 21 udalerri handienetan ezarri zen, baina etxebizitzaren arazoa Nafarroa osora heltzen da»