GARA Euskal Herriko egunkaria
MARTY SUPREME

Antiheroi baten gorakada deseroso eta frenetikoa


Marty Supreme ping-pong jokalariaren biopic bat dela pentsatuko duzue, baina hobe da ideia hori lehen unetik bertatik baztertzea. Ez dago gainditze eredugarririk, ezta erredentzio goxorik ere: filmak antiheroi egozentriko baten barrunbeetara jaisten gaitu.

Kamera antsietatea, kaosa eta etengabeko tentsioa arnasten duen organismo bizidun bat balitz bezala mugitzen da film osoan zehar; askotan Scorseseren eragina antzematen da. Marty, pertsonaia scorsesiar askoren antzera, egoak, aitortzaren premiak eta baretu nahi ez duen energia autosuntsitzaileak bultzatutako pertsona da. Scorseseren oihartzunak erritmo bizian, muntaketaren erabileran, bertigo sentsazio etengabean eta pertsonaiaren gorakada epiko bezain deserosoan ere ageri dira. 50eko hamarkadan girotutako kontakizun honetan musika anakronikoa erabiltzeak -80ko hamarkadako kutsua- pertsonaiaren desoreka mentalaren sentsazioa areagotzen du, garaia baino gehiago barruko egoera azpimarratuz.

Eta zurrunbilo horren guztiaren erdian, Timothée Chalamet dago, antzezpen lan ikaragarria sinatuz. Karismaduna eta higuingarria da aldi berean Marty: distiratsua eta jasanezina, segundo batez miretsi eta ondoren luzaroan gorrotatzen den horietakoa.

Hori bai, dena ez da perfektua. Alde batetik, zaila da kasualitatea dela sinestea azken hilabeteotan AEBn jatorri juduko pertsonaien bizitza gogorrak ardatz dituzten lanak ugaritzea -“The Brutalist”, “September 5” edota “A Real Pain”, adibidez-. Bestetik, amaierak kirats tradizionalista samarra uzten du, eraikitako ausardia leunduz.

Hala ere, film bikaina da, azken boladan estreinatu den indartsuena. Bere erritmoa, intentsitatea eta nortasun sendoa medio, ezingo duzue denbora luzez burutik kendu.