FEB. 09 2026 Auziak aurrera egin dezala eskatu du Zaldibar Argituk, seigarren urteurrenean 2020an Zaldibarko Eitzaga auzoko zabortegia amildu zenean, bi langile, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, bertan harrapatuta hil ziren. Ezbehar hark irregulartasun ugari azaleratu zituen arren auziak ez duela aurrera egiten eta iazko egoera berean daudela salatu du Zaldibar Argitu plataformak. Hildakoak gogoan Eitzaga auzoan egindako ekitaldia. (Gorka RUBIO | FOKU) GARA ZALDIBAR Zaldibar Argitu plataforma Eitzagan bildu zen atzo, duela sei urte zabortegian gertatutako ezbeharra gogoan izateko eta auziak, behingoz, aurrera egin dezala eskatzeko. 2020ko otsailaren 6an amildu zen Zaldibarko Eitzaga auzoko zabortegia, eta bertan lanean ziren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze lurperatuta gelditu ziren. Haien gorpuak bilatu arren, inoiz ez zituzten aurkitu. Luiziaren ondotik amianto pilaketak aurkitu ziren zabortegian, eta ikertu ostean konturatu ziren irregulartasun ugari gertatu zirela bertan. Plataformako kideek ekitaldian hitza hartu eta aditzera eman zuten egoera ez dela aldatu iaztik, ez baita ezer berririk argitu eta instrukzio fasea ekainaren 1era arte luzatu baita. «Otsailaren 6 hartako goizean etxetik lanera irten ziren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, sekula ez itzultzeko. Zer eta milaka tona hondakinen azpian geratzeko. Zuhurtziagabekeriaz egindako giza hilketa bi egotzi zizkien enpresariei 2021ean epaitegiak. Bina homizidio bakoitzari. Hori ebazteko 21 hilabete behar izan zuten. Ingurumenaren aurkako delitua aztertzen duen auziak 72 hilabete daramatza instrukzio fasean», azaldu zuten haserre. Era berean, aipatu zuten «urte osoan Eitzaga eta zabortegia ahaztuta izan ondoren», urteurrenaren bezperetan hirugarren auziaren berri izan dutela, baina Zaldibar Argitu ez dago auzi horren prozeduran aurkeztuta. «Auziaren xedea ez da hondamendiaren arrazoiak eta arduradunak argitara ateratzea. Kontu bat baino ez aipatzearren: auziaren oinarri nagusietako bat Juan Mari Uriarte alkateorde ohiaren kontakizuna da. Jakina, bera eta Maiztegi alkate ohia ez daude ikertuta, guztion harridurarako», adierazi zuten. IRREGULARTASUNAK «Argitu dadila dena -eskatu dute-; guk ez dugu arreta arazoaren muinetik aldenduko: zergatik gertatu zen hondamendia eta nortzuk izan ziren arduradunak». Plataformak eskatzen du epaitegiak instrukzioa amai dezala, ikerketaren ondorioak herritarren esku jar ditzala, eta auziak aurrera egin dezala. «Guri dagokigunez, ziurta dezakeguna da, instrukzioak instrukzio eta auziak auzi, hemen jarraituko dugula, Eitzagako bizilagunen ondoan, ‘Langileak, osasuna eta erantzukizunak’ aldarrikatzen», baieztatu zuten. Bestalde, Zaldibar Argituk gogora ekarri zituen 2020ko ekainean Alberto Sololuzeren koinatu Pedro Alberdik esandako hitzak: «Ez dago Sherlock Holmes izan beharrik Zaldibarko zabortegian irregulartasunak izan direla baieztatzeko». Halaber, aipatu zuten Zabortegia amildu eta hilabetera, kulturgintzako eta mundu akademikoko 84 pertsona ezagunek “Ereduaren agortzea agerian” izeneko manifestua plazaratu zutela, zeinak argi adierazten zuen «enpresariek irregulartasun mordoa» egin zutela zabortegiaren ustiaketan, eta, «hondakinen kudeaketa ez ezik, gobernantza eredua bera ere agortua» dagoela. AUZI BERRIAHirugarren auziaren berri izan du plataformak, baina Zaldibar Argitu ez dago auzi horren prozeduran aurkeztuta. JARRAITUKO DUTE«Guri dagokigunez, ziurta dezakeguna da, instrukzioak instrukzio eta auziak auzi, hemen jarraituko dugula, Eitzagako bizilagunen ondoan, ‘Langileak, osasuna eta erantzukizunak’ aldarrikatzen»