FEB. 15 2026 ZORROZTARRIA Eskulana, funtsezko Julen MURGOITIO Politika ofizialari oposiziotik begiratzen diogunoi kosta egiten zaigu politika horretatik egiten diren iraultza txikien alde ona onartzea. Uste dut zintzoago jokatu behar dugula eta iraultza bidean egiten den guztia bere horretan hartu ontzat, gure oposizioan den gobernuak berak egiten duenean ere. Horra, kasurako, azkena. Oposizioak egiteko modua goitik behera ari da aldatzen Gobernua, onerako gainera; Ertzaintzara sartzeko oposizioez ari naiz. Orain arte ohikoak izaten ziren probez gain, gutxienez, beste proba bat egin beharko dute uniformea helburu dutenek: eskulan proba! Gainera probetan lehena izango da hau, eta baztertzailea, ondo egin ezean, utikan! Hortaz, oposiziogileak behar besteko eta behar bezalako abilezia erakutsi beharko du di-da batean bere aulkia eta idazmahaia muntatzen; esan barik doa berak eraman beharko duela horretarako kita: egurra, mailua, untzeak, bihurkina, itsasgarria, gidaliburua... Izan ere, deitutako egun eta orduan izena emandako gehienak pabiloira aurkezten badira, denbora mugatua izango dute beren lekua atontzeko; ez da baztertzen gerora fotokopiagailu eramangarria ere eskatu behar izatea! Total, aldaketa horrek ezustean harrapatu ditu akademiak, Arkautikoa bera ere. Eskulangintzari ordu gehiago eskaini beharko diote aurrerantzean, eta ez da baztertzen suedierazko eskolak ere eman behar izatea, geroko muntaketan laguntzaile. Oposizioko proba psikoteknikoa ere aldatu du Gobernuak, emaitzetako gutxiegiak gutxitzeko asmoz. Eta Arkautin alderantzizko osmosi metodo bat dute abian jarria filtrazioak eragozteko. Portzierto, Urbasako leizean topatu duten bisontearen lurralde jatorria ez dute oraindik argitu, ez eta gezilariarena ere. Ez da serioa, demontre!