FEB. 19 2026 Hamaika gizarte eragilek bat egin dute M17ko greba deialdiarekin Euskal Herriko hainbat eragilek eta gizarte mugimenduk atxikimendua agertu diote martxoaren 17ko greba orokorreko deialdiari. Lanuzte orokorrarekin bat egitera deitu dituzte langileak zein, oro har, herritarrak, bai eta greba batzordeetan antolatzera ere. Bilbon egindako agerraldia. (Mikel MARTÍNEZ DE TRESPUENTES | FOKU) Nerea LAUZIRIKA BILBO Martxoaren 17ko greba orokorreko deialdiarekin bat egin dute Euskal Herri osoko hainbat eragilek, eta atxikimenduak aurkezteko agerraldia egin zuten atzo Bilbon. Bereizten dituzten desadostasunak alde batera utzita, bat egin dute 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeko, «pertsona guztientzako onura» dela adierazita. Beste askoren artean, Aiaraldeko Greba Batzordea, Euskal Herrian Euskaraz, Ernai, Gure Esku, Harrera Sarea, Jardun, Kakitzat, OPA Herri Plataformak eta Trabajadoras No Domesticadas batu dira LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta HIRU sindikatuen deialdira. Gaur egun indarrean dagoen gutxieneko soldatak bizitza duina ez duela bermatzen salatu zuten. Prezioen igoerak, etxebizitzaren garestitzeak eta elikagaien eta zerbitzuen kostuak gero eta handiagoak direla ekarri zuten gogora, bai eta, prekaritatea handitzen ari den heinean, bereziki emakumeen, gazteen, migratuen, aniztasun funtzionala duten pertsonen eta sektore feminizatuetako langileen artean izaten ari dela eragina ere. Mundua «hankaz gora» dagoela azpimarratu zuten, «sistema kapitalista patriarkal, ekozida eta arrazista» tarteko, eta zehaztu zuten Euskal Herria ez dagoela errealitate horretatik aparte. Izan ere, patronalak gutxieneko soldata propioa izatearen eta kopuru hori 1.500 euroan ezartzearen aurka agertu dira. «Bertan bizi garenon oinarrizko beharrak asetzeko diru sarrera nahikoa izatea eragotzi nahi dute», leporatu zieten. Agerraldian parte hartu zuten eragileek argi dute egungo egoeran «bizi proiektu desiragarriak eta duinak» aurrera ateratzea «ezinezko» bilakatzen ari dela. Horri aurre egiteko ezinbestekoa iruditzen zaie LGS propioa, eta aldarrikapen horrekin ados agertu ziren «egunero herri eta auzoetan antolatzen garen hamaika eragile sozial eta herri mugimendu». Era berean, azpimarratu zuten egungo zaintza sistemak duen egitura «klasista, arrazista eta patriarkala» dela. Horregatik, «etxeko lanaren eta zaintza lanaren esparruan ere» lan harreman «justuen» aldeko aldarrikapena kalera atera nahi dute martxoaren 17an, gutxieneko soldata propioaren aldekoarekin batera. Hori horrela izanda, haien aldarrikapenak ez dira soilik soldaten aldeko borrokara mugatzen; «greba orokor oro politikoa da», azaldu dute eta beste proposamen sozialek ere espazioa izango dute martxoaren 17an. Greba orokorrera ez ezik, aurretiaz egiten ari diren lanketa eta prestaketetara ere batu daitezen eskatu zieten langileei eta, oro har, euskal jendarteari, herri eta auzoetako greba batzordeetan parte hartuz. «Gu aurrez aurre izango gaituzten langile eta herri antolatua gara», adierazi zuten, eta martxoaren 17an lantokiak uztera eta kaleak hartzera dei egin zuten. BIZITZA DUINAEgun indarrean dagoen gutxieneko soldatak bizitza duina bermatzen ez duela salatu dute. Prezioen igoerak, etxebizitzaren garestitzeak, elikagaien eta zerbitzuen kostuak gero eta handiagoak direla ekarri dute gogora. BATERAEra askotako eragile eta gizarte mugimenduek egin dute bat greba deialdiarekin. Hainbat gairen inguruan ados egon gabe ere, guztiek uste dute ezinbestekoa dela gutxieneko soldata propioa izatea.