GARA Euskal Herriko egunkaria

Prebentzioan inbertitzeko beharra nabarmendu du ELAk


Joan den asteartean Berriobeitiko Rocopolis rokodromoan mantentze lanetan aritzen zen Pablo Estremera hil zen, altueratik erorita. «Antza denez, erorikoa langilea teilatu gainean zihoala plaka bat hautsi zenean gertatu zen, hori saihesteko babes neurrien gabeziaren ondorioz», adierazi zuen ELAk ohar baten bitartez. Astelehenean, Bergondan, beste behargin bat zendu zen.

Gertakari horien aurrean, ELAk elkarretaratzea egin zuen atzo Nafarroako Gobernuaren aurrean, bi lan heriotzak salatu, eta hildakoen senide eta lagunei elkartasuna adierazteko.

Gogora ekarri zuten aurten dagoeneko zazpi pertsona hil direla euren lanpostuetan Hego Euskal Herrian. «Heriotza horien arrazoiei erreparatzen badiegu, altuerako erorikoak dira oraindik ere laneko heriotzen arrazoi nagusietako bat, babes neurri egokiekin erraz saihestu daitezkeen arren», nabarmendu zuten.

ARAUDIA BETETZEA

«Horrek esan nahi du enpresariek ez dutela prebentzio araudia betetzen, eta erakunde publikoek uko egiten diotela ez betetze horiek kontrolatzeko bitartekoak handitzeari», salatu zuen ELAk.

Aldiz, patronalak «absentismoaren aurkako gurutzada betean» jarraitzen duela azpimarratu zuen. «Baina datu ofizialek diotenez, absentismoaren arrazoi nagusia lan baldintza makurrek eragindako bajak dira». Horregatik, «absentismoaren inguruko diskurtso faltsuak alde batera utzi, eta prebentzio neurrietan inbertitzeko» eskatu zuen ELAk.

Bestalde, Lan Ikuskaritza «kolapsatuta» dagoela salatu zuen sindikatuak.