MAR. 01 2026 SORRY, BABY Sotiltasunaren bidezko kolpea Gaizka IZAGIRRE HERNANI {{^data.noClicksRemaining}} To read this article sign up for free or subscribe Already registered or subscribed? Sign in SIGN UP TO READ {{/data.noClicksRemaining}} {{#data.noClicksRemaining}} You have run out of clicks Subscribe {{/data.noClicksRemaining}} Zineman, kontatzen dena baino garrantzitsuagoa da nola kontatzen den. Tesi horren adibide garbia da “Sorry, Baby” filma. Badago sekuentzia giltzarri bat, agerian uzten dituena filmaren sotiltasuna eta hizkuntza zinematografikoaren erabilera zorrotza: irudia hitzari gailentzen zaio. Pertsonaia nagusia hausten den unean, Eva Victor zuzendariak erabaki formal ausarta hartzen du: gertaerak jazotzen diren etxearen kanpoaldetik filmatzea, plano finkoan eta musikarik gabe. Itxuraz hautu sinplea dirudien horrek, ordea, sekulako indar dramatikoa hartzen du, eta ikuslea isiltasunaren bidez interpelatzen du. Opera prima honen zuzendaria, gidoilaria eta protagonista Eva Victor da, eta sexu-indarkeriaren eta haren ondorioen inguruko narratibak goitik behera berritzen ditu. Ez du sufrimendua ikuskizun bihurtzen, ezta morboa elikatzen ere; aitzitik, begirada etiko eta kontzientea eraikitzen du, non fokua ez dagoen gertakarian bertan, baizik eta haren arrastoetan eta ondorioetan. Agnesek bizimodu lasaia du, itxura batean; hala ere, ikasle garaiko lagun minaren bisitak iraganeko zauri bat berrirekiko du. Kontakizuna modu ez-kronologikoan eta egitura zatikatu baten bidez garatzen da, oroimenaren funtzionamendu irregularra imitatuz eta traumaren izaera ez-lineala azpimarratuz. Tonu eta ñabardura askotan, filmak “Fleabag”-eko Waller-Bridge edo “I May Destroy You”-ko Michaela Coel ekartzen ditu gogora: umore zorrotza, autoironia eta hauskortasun gordina uztartzen dira. Hasieran trauma baten ondorioekin borrokan ari den irakasle gazte baten erretratu intimoa dirudiena, pixkanaka, gogoeta erradikal bihurtzen da: nola bizirauten dugun, nola gogoratzen dugun eta nola barrea bihurtzen den minaren aurrean sendagai.