MAR. 02 2026 GAURKOA Pobrea kultura, gizajo pototza Gotzon BARANDIARAN ARTEAGA Idazlea Politikari batzuekin hitz egitea zaila da guztiz. Ez dute ulertzen, adibidez, etxegintzak eta osasunak kulturaren ardura izan behar dutela, mendia kalearekin lotu behar dela, kalea mendiarekin lotu behar den bezala. Alferrik da halakoekin elkar ulertzen saiatzea; ez dute ezer jaso Txirritagandik, ez dute ezer jaso Julene Azpeitiagandik, Lurdes Iriondogandik, Oxobigandik, Txillardegigandik, Zumetagandik... Baina hori bai, mundu klasikoan zelako maisulanak egin diren esaten dizute, eta ez prekaritatean, baizik pobrezian (sic). Eta aldi berean ongizate maila altuan bizi garela esaten dizute, 240.000 langilek 1.500 eurotik beherako soldata duten arren, 347.000 lagun gizartean baztertuta bizi badira ere, herritarren %35 inguru integrazio prekarioan biziraunik ere. Hori dute helburu; non zauden ez jakiteraino eramaten zaituzte. Bizitza osoa euskaraz sortzen eman dutenen lekukotzetan oinarritutako ikerketen berri emango diezu, erakutsiko diezu euskaraz soilik ari diren artisten irabazi garbiak 4.717 eurokoak izan zirela 2023an, eta zera erantzungo dizute: Jaurlaritzak ateak beti, beti, beti, guztientzat, zabalik dauzka. Eta beti entzuten ditu euren beharrak: lan baldintzak hobetzeko, profesionalizaziorako edo/eta nazioartean ondo aritzeko (sic). Ez daukate inolako trabarik errealitateari bizkarra emateko. Kulturaz aritzea gauza globala da beraientzat. Alegia, kultura gauza bat dela (sic). Nolanahi erabil dezakete. Etorkizuna martxan da eta ihes egin behar omen diogu paternalismoari; kulturak ez du kondeszendentziarik behar: kalitatea, irismena, helburua eta beste hainbat gauza ere kontuan hartu behar ditu (sic). Susmoa hartzen diezu ez dutela ezer jaso Meabegandik, Bordagandik, Atxagagandik, Ordorikagandik, Landagandik, Canogandik, Duhaldegandik, Estebanengandik... Kalitatea. Prekaritateari aurre egiteko gakoa den hiruko santua zein den ere argituko dizute urrezko kadiratik: aliantza, dibertsifikazioa eta reseteatzea (sic). Ez dizutenez azalduko hiruko santua zergatik osatzen duten hitz horiek eta ez bestek, zeuk asmatu beharko duzu, zeure buruari sortzaile deritzozuna baitzara. Eta ahaleginduko zara. Ea, ba. Aliantza berriak: zer ote dira. Agian, estropadetan, patroiaren alboan eseri eta gitarratxoarekin arraunlariak adoretzeko kantari aritzeko proposamena da. Pentsa zenbat bolo liratekeen udaro eta zenbatek ikusiko zintuzketen ETB1en. Dibertsifikazioa: apika, artista plastikoentzako proposamena duzue, jasotzeko harriak margotu eta herri-kirolen bidez zuen lana ezagunago bihurtzeko, edo, menturaz, aktoreentzako pagotxa izan daitekeela dibertsifikatzearena, adibidez, Bertako enpresarekin akordioa lortu eta igogailu zerbitzuarekin batera mikroantzezlan laburrak eskainita. Urtean 365 emanaldi ziurtaturik. Reseteatzea: hau euskaraz sortzen dugun guztiontzat da, bistan denez, gure lanak erabat garaiz kanpokoak baitira. Litekeena da politikari horiek zera izatea buruan: zoazte kalejiran alaiki Agiñako estazio megalitikoraino eta Oteizak Aita Donostiari eskainitako oroitarriari biluzik zazpi bira eman ostean, itzuli etxera, erabat reinbentaturik, sortzen hasi eta baietz prekaritatetik pare bat urtean atera. Eta ateratzen ez bazara, egon lasai, pobrezian, are, miseria gorrian, eternalki iraungo duten obrak sortuko dituzu, mundu klasikoan lortu zuten legez. Zuk ez dakizu, ez duzu ulertzen, baina prekaritatearen, miseriaren, menpe bizitzearen ardura zeurea duzu, euskaraz sortzen duzun horretatik bizitzeko hautua egin duzun horrena, ez beste inorena. Zeurea da erantzukizuna. Nahikoa laguntzen dizute urtean 40.000 eurotik gora poltsikoratzen duten edo euskaraz ere ez dakiten politikari enpatikoek: Euskarazko sorkuntzaren egoera ez da hain txarra (sic). Eta Euskal Herriko soinujolerik trebeena izanik ere, diru publikoz lagundutako Musika Eskola pribatu batean entxufatzen ez bazaituzte, egin irri; beste lan bat izatea ez da drama bat, komedia da, libertimendua, maskarada. Gizajo pototza. Gurasokeriari ihes egin behar diogula jakinarazi ondoren, lasai ederrean esaten dizute «agian zuk ez duzu ulertu». Zaude, zaude apur bat... «Mundu amateurra zabala, handia, aberatsa eta kalitatezkoa izan dugu eta dugu Euskadin: arrauna, herri kirolak, dantza, literatura, musika tradizionala». Ulertzen? Bai zera, zuk ez duzu ulertzen. Eta gauza uler dezagun behingoz, zerga sisteman izan diren aldaketekin, Euskadi Europako herrialde punteroenetako bat bezala ikus dezazula espero dute. Zeren biztanleko balio erantsi kulturalari eta kultural dugun gastu publikoari begiratuta, Euskadi Espainia eta Europaren oso gainetik dago, eta, gainera, gure kultur sektorean lanaldi osoko enplegua ia 30.000 pertsonakoa da. Eta, gainera, RGI kultural baten eskean zabiltzate? Eta ez dira konturatzen zer esan duten. Zer esan duten zure muturrean. Ez da oraingoa eskuindarrek eta sasimodernoek kultura ezkerraren zutointzat hartzea han eta hemen. Europako Parlamentuak «kultura batzorde» delakoetan duen eragina handitzen du etengabe. Doktrina politiko batean oinarritzen da. Ondorioz, neokolonialismoa dator zure herrira. Populismoa, demagogia eta klientelismoa (sic) aurpegiratuko diote besterik salatzen duenari, nahiz eta jakin ispiluari mintzo zaizkiola. Ispilutxo, ispilutxo. Euskaldunon kulturan, ordea, ezinbestekoa da hizkuntzaren presentzia: batu egiten gaitu komunitate gisa, edukazioa erakartzen du, norberaren garapena indartzen du. Erresistentzian bizi da. Danimarkan, Kultura Ministerioak aspaldi erabaki zuen protesta mugimenduak eta kaleko manifestazioak kultur jardunak direla, aldaketa sozialak helburu osasungarriak direlako kultur politikan. Egun, gurean, kultura ez da premiazkoa Gobernuan dauden politikarientzat. Premiazkoa kulturnegozioa da. Zuk ez dakizu, ez duzu ulertzen, baina prekaritatearen, miseriaren, menpe bizitzearen ardura zeurea duzu, euskaraz sortzen duzun horretatik bizitzeko hautua egin duzun horrena, ez beste inorena