MAR. 06 2026 ERREMONTEAREN ETORKIZUNA 2027tik aurrera jarraitu ahal izateko proiektu baten bila dabil erremontea Erakunde publikoek babes ekonomikoa zein aholkularitza eskaini dieten arren, Oriamendi 2010ek oinordeko bat izatekotan, «ekimen pribatu edo enpresa proiektu baten eskutik» izan beharko duela azaldu zuten atzo erremontistek. Jokalariek «jarraitzeko borondatea» erakutsi zuten, «etapa berri hau gidatzeko» inor prest balego «ate bat ireki nahian» horretarako. Oriamendi 2010eko erremontistak bat eginda eta 2027tik aurrera ere jarraitzeko gertu azaldu ziren. (Jon URBE | FOKU) Arnaitz GORRITI URNIETA Egun Oriamendi 2010 enpresako koadroa osatzen duten erremontistek hitzordua izan zuten atzo arratsaldean Urnietako Setien sagardotegian -Imanol Ansaren familiari loturiko sagardotegia-, Gipuzkoako erremontearen etorkizunaz jarduteko. Jakina denez, Oriamendiren ibilera 2026a amaitzearekin batera agortuko da eta pilotariek beren pilota ibilbide profesionalari eusteko asmoa dutenez, «ate bat ireki nahian» dabiltza, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera argi egingo dien etorkizun bat eraiki nahian. Hargatik atzoko deialdi irekia. «Erremonte profesionalaren etorkizunaren inguruan mezu argi eta eraikitzailea helarazteko gaude hemen», aipatu zuten koadro osoaren izenean euskara hutsezko komunikatua irakurri zuten Iban Larrañaga, Imanol Ansa eta Xabier Azpirozek. Jakina denez, Oriamendi 2010 enpresak 2027az geroztik ez duela aurrera jarraituko jakinarazi du. Azken asteotan Eusko Jaurlaritzarekin bildu direla azaldu zuten, eta Lakuako gobernua «erremontea ekonomikoki laguntzen jarraitzeko» prest agertu dela, «egungo laguntza mantenduz eta, beharrezkoa balitz, indartuz». Era berean, «bere eskumenen barruan, aholkularitza emateko» prest ere azaldu ei da, baina betiere argi utzita «egitura berri baten sorrera ekimen pribatu edo enpresa proiektu baten eskutik etorri behar dela», zehaztu zuen Iban Larrañagak. Pilotariek, ondorioz, «aukera mezu bat zabaldu» nahi izan zuten. Xabier Azpirozen hitzetan, «erremontea bertako kirola da, euskaldunona, gurea. Nortasun propioa duena eta babes instituzionalaren jabe dena. Une hau baliagarria izan daiteke etapa berri bat irekitzeko, egungo eredua berrikusteko, jarduera Galarretaz gain areago zabaltzeko, oinarri lana indartuz, eta erremonte profesionalaren bateratzea sustatzeko». Ildo horretan, jokalarien lantaldeak «jarraitzeko borondatea» erakutsi zuen; «inplikatzeko eta kirol honen etorkizunaren alde lan egiteko prest gaudela esanez». Baina noski, «hori posible izan dadin, beharrezkoa da 2027tik aurrera kudeaketa profesionala bere gain hartuko duen egitura edo lidergo bat agertzea», nabarmendu zuten erremontistek. «Etapa berri hau gidatzeko interesa duen enpresari edo proiekturen bat baldin badago, pilotarien aldetik konpromisoa, aholkularitza, profesionaltasuna eta elkarlanerako prestasuna aurkituko» dituela azpimarratu zuen Imanol Ansak, bestalde. Horretarako pelotarisoriamendi@gmail.com helbide elektronikoa eskuragarri ipini zuten «edozein zalantza argitzeko». «MOTXILA ZEINEK HARTU» «Pilotariok, momentuz, ez dugu ekimen hau sortu nahi -beren kabuz-», zehaztu zuen Ansak. «Gure deialdia prest legokeen edozein pertsona edo proiekturentzat bideratu dugu», gaineratu zuen. «Denei entzuteko prest» azaldu ziren erremontistak. «Lanerako prest gaude eta aukeran nahiko genuke entitate pribatu bat martxan jartzea», zehaztu zuen Ansak, bai eta Galarretako pilotalekuak -egun Oriamendiren jabetzakoa denak- jarraituko lukeela erremontearen epizentro izaten ere. «Pilotariak prest gaude 2027tik aurrera jarraitzeko, baina motxila hau hartzeko prest dagoen norbait behar dugu», azpimarratu zuen Larrañagak. Hori bai, «erremonteak segi behar badu, oinarritik lan egin behar da» nabarmendu zuen. «Ezinbesteko» iritzi zion «pilota eskoletan indar eta lan egitea Gipuzkoan, eskoletan oso eskas gabiltzala ikusten dugulako». OINARRIA«Erremonteak segitu behar badu, oinarritik lan egin behar» dela nabarmendu zuen Iban Larrañagak. «Ezinbesteko» iritzi zion «pilota-eskoletan indar eta lan egitea Gipuzkoan, eskoletan oso eskas gabiltzala ikusten dugulako».