JUN. 08 2026 JULEN ALBERDI TXAPELDUN TOLOSAN Azkoitiarra bigarren urtez jarraian nagusitu da Euskal Duatloiko finalean, Ibai Soroa eta Xabier Zalduari aurrea hartuz. Soroa, Alberdi eta Zaldua, sari banaketa ekitaldian. (Andoni CANELLADA | AGENTZIA) Asier AIESTARAN Julen Alberdi “Txikia IV.a” nagusitasun osoz gailendu zen atzo Tolosako zezen-plazan jokatutako Euskal Duatloiko final handian. Azkoitiarrak, iaz bezala, garaipena lortu zuen, 22 minutu eta 44 segundoko denbora eginda, bigarren izan zen Ibai Soroari 3 minutu eta 36 segundoko aldea sartuz eta hirugarren amaitu zuen Xabier Zalduari 4 minutu eta 24 segundokoa ateraz. Iaz ezarri zen formatuan jokatu zen proba: 45 ontzako bi enbor erdibitu behar -etzaniko bat eta zutikako beste bat- eta 500 metro korrika egin; dena lau aldiz. Eguzkiak gogor jo zuen Tolosan eta kirolariek asko sufritu zuten beroarekin; iazko denborak hobetu ezinda ibili ziren gehienak. Zozketak hala erabakita, txapela janzteko lau faboritoetako hiru -Alberdi, Zaldua eta Atutxa- txanda berean aritu ziren, bigarrenean. Baina azkoitiarrak lehen aizkora saioan sekulako tarteak ireki zituen, aurkariekiko minutu inguruko abantaila hartuz, eta hortik aurrera aldeak gora egin zuen apurka-apurka. Atzeko lehian, Zalduak atzetik aurrera eginez Aitzol Atutxa menderatzea lortu zuen, baina Soroak, azken txandan aritu zenak, kendu zion bigarren postua.