AUG. 14 2026 PALESTINE ‘36 Historia, memoria eta erresistentzia GAIZKA IZAGIRRE HERNANI Palestinak Oscar sarietarako aurrehautatutako hiru filmen artean zegoen “Palestine 36”. Beste biak -“Allly baqi mink” eta “Sawt al-Hind Rajab”- dagoeneko iritsi dira zinema-aretoetara; hirugarren hau, berriz, gaur helduko da Hego Euskal Herriko pantailetara. Annemarie Jacir zinemagile palestinarrak zuzendutako lana da eta Donostiako Giza Eskubideen 23. Zinemaldia inauguratu zuen. Palestinaren, Britainia Handiaren, Estatu frantsesaren, Danimarkaren, Norvegiaren, Qatarren, Saudi Arabiaren eta Jordaniaren arteko nazioarteko koprodukzioa da. “Palestine 36” drama historiko epikoa da, eta 1936ko Palestinako Arabiar Matxinada berreraikitzen du; Britainia Handiaren aginte kolonialaren aurka piztu zen altxamendua, hain zuzen ere. Hala ere, filmak ez du iraganeko pasarte historiko jakin hori soilik jorratuko; gaur egun eskualdea zeharkatzen duten gatazka eta tentsio politiko askoren jatorria ulertzeko giltza ere izango da. 1936an, Britainia Handiak Palestinaren gaineko kontrol koloniala areagotzen duen bitartean, Yusuf bere jaioterriaren eta Jerusalemen egiten zuen lanaren artean banatuta bizi da. Testuinguru horretan, eskualdearen etorkizuna baldintzatuko duten interes politiko eta sozialek talka egiten dute. Bien bitartean, Khulod kazetaria, bere herriarekin eta emakumeen eskubideekin konprometituta, gertatzen ari den guztia dokumentatuz, historia aldatzera doazen gertaeren lekuko bihurtzen da. Egitura korala du filmak, eta hainbat pertsonaiaren bizipenak uztartuko ditu. Hasiera batean osorik Palestinan filmatzeko asmoa zuten, baina Israelek Gazan abiatu zuen eraso militarrak ekoizpena behin baino gehiagotan etetera behartu zuen. Oztopoak gorabehera, lantaldeak proiektua amaitzea lortu zuen, eta azken urteotan Palestinako lurraldean filmatutako fikziozko film luze bakanetako bat bihurtu da.