AUG. 29 2026 Zona grisa (eta III) Estibalitz EZKERRA Literatura kritikaria Oetimuko jendea” nobelan arras ezagunak zaizkion gaiei buruz idazten du Felix Nesik: Indonesiako Estatuak Timorren eragindako giza eskubideen kontrako krimenak, Eliza katolikoaren hipokrisia zein patriarkatuaren kulturen ondorio den genero indarkeria. Zehatz-mehatz azaltzen ditu gertaerak, gordintasun handiz, batez ere emakumeen kontrako indarkeriari dagokionez. Ironiaz zipriztindutako amorruarekin kontatzen du dena, gertaera horiek orainaldian jarraipena dutela jakinda. Gehiegizko indarkeriaren aurrean irakurleak errefusatze fetitxistari heldu diezaioke, izugarrikeriaren aitzinean batek senti dezakeen botere faltaren ondorio den mekanismoa. Freuden “fetitxe” kontzeptuari tiraka 1967an Octave Mannonik formulatutako kontzeptuak, gertaera traumatikoei nola aurre egiten diegun azaltzen du. Zerbaiten ukapenak zein errepresioak ez bezala, zerbait errefusatzeak esan nahi du zerbaiten jakinaren gainean gaudela (“oso ondo dakit hori”) eta ezagutza hori erabiltzen dugula beti bezala jardun ahal izateko (“oso ondo dakit hori, eta, hala ere...”). Fetitxistari gertaera latzei buruz irakurtzea erakargarria egiten zaio ezagutza objektibagarria erraz irents daitekeen kopuruan eskaintzen zaionean. Kontrakoa egiten du “Oetimuko jendea” nobelak, ordea, formaz zein edukiz, irakurlearen aldetik arreta maila handiagoa eskatuta.