OCT. 31 2026 MUSUEKIN ERE KONTA DAITEKE DENBORA Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, Leire Bilbao idazlearekin batera, «Musu bete urte» ipuin eta ikuskizun berria aurkeztu dute. Sudurgorriak, Leire Bilbao eta Maite Mutuberria, egitasmo berria aurkezten, Lasarte-Orian. (Jon URBE | FOKU) Maider IANTZI GOIENETXE Mezu eder bezain beharrezko bat dakarte Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ‘‘Musu bete urte’’ ipuin eta ikuskizun berrian: musuek biraka jartzen dute mundua eta afektuekin ere kontatu daiteke munduan ematen dugun denbora. Abentura horren lehendabiziko urratsa Leire Bilbaok idatzitako eta Maite Mutuberriak ilustratutako ipuina da. 2018ko ‘‘Musua’’ disko-liburuko kantuak berreskuratuz, guztiz ezberdina den istorio bat egin du Bilbaok: «Erlojuaren segundoekin, minutuekin eta orduekin neurtu ohi dugu denbora. Munduan ematen dugun denbora ere arrakastarekin lotuko dute batzuek, lortzen dituzten dominekin edo sariekin, diruarekin, egiten dutenarekin, lanarekin... Baina maitasunarekin ere neur daiteke eta hor daude musuak». «Naturari bizkarra emanda bizi gara gero eta gehiago, baina garai batean naturaz blai bizi ginen, eta genituen ospakizun guztiek harreman zuzena zeukaten naturarekin. Natura eta kultura, biak maite ditugu, eta haientzat dira musuak», agertu zuen Lasarte-Oriako aurkezpenean Porrotxek, azaroaren 20an Eskoriatzan estreinatu eta herriz herri zabalduko duten ikuskizunari buruz.