NOV. 19 2026 AZKEN PUNTUA Egunerokotasuna jokoan Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria Arnasgune eta babeslekuak topatzea ezinbestekoa bihurtu zaigu bizitzen ari garen eta bereziki etor daitekeen egoerari aurre egin ahal izateko. Egunerokotasuna pisutsuegia da eta aurrean marrazten ari zaigun testuinguruak ikara besterik ez du ematen. Larunbatean izan nintzen babesgune horietako batean. Nafarroako euskarazko irakurketa taldeen topaketa egin zen herrialdeko liburutegi nagusian, eta sikiera, une batez, gotorleku batean ginelako sentsazioa izan genuen hizkuntza gutxitu baten komunitatea osatzen dugunok. Karmele Jaio izan da aurtengo topaketen gonbidatu nagusia. Idazle gasteiztarrak egunerokotasuna modu magistralean lantzen du. Bere eleberri, saiakera eta poesia ardatz hartuta, literaturaz, feminismoaz, klasismoaz, bortizkeriaz eta gizatasunaz aritu ginen. Gure bizitzak erabat baldintzatzen dituzten gakoak mahai gainean jarri eta sakon baina modu atseginean jorratu genituen, ikuspuntu kritiko baina itxaropentsutik. Topaketak bukatuta, berriz ere kalera irtetean, egitateak itotzen ninduela sumatu nuen. Babesgunea utzita, inguruaren zama berriz ere sumatzen hasi nintzen. Eta orduan jabetu ere aurrean duguna ez dela soilik sistema ulertzeko eta eraikitzeko proposamen ezberdinen arteko hautua, egunerokotasuna bera ere badela jokoan dagoena.