NOV. 24 2013 NARRATIBA Erreka jota Iker ZALDUA Ez dakit non dagoen liburu honetako istorio hunkigarriena, interesgarriena, arreta gehien ematen duena; izan ere, eleberria tartean gordetzen duten argitaratzailearen oharrak eta, batez ere, gibel solasak Irene Nemirovskyren istorioa kontatzen dute, istorio tragikoa, laburra bezain bizia, behinola, Ukrainan jaio zen eta ibaiaren ibilguak Auschwitzen gazte, gazteegi letren zoritxarrerako, hiltzera eraman zuen emakumearen istorio gordina. Bere bizitzako istorio horretan idatzi zuen liburuaren azalean irakur daitekeen «Odolaren sua». Haatik, idazlea hil zela urte asko igaro diren arren, hamarkada bat ere ez da kontakizun osoa irakurgarri dagoela; izan ere, 2005ean Institut Mémores de l'Édition Contemporaine artxibo zentroan estu idatzitako hogeita hamar orri agertu ziren arte, kontakizunaren herena baino ez zen ezagutzen. Askotan gertatzen denez, biografiak eta bibliografiak harreman estua dute kasu honetan, esan nahi baita, eskuz idatzi zituenak bihotzez sentitu zituela Nemirovskyk. Zenbaitetan idazleak katamaloa janzten du eta irakurleak asmatu egin behar du non dauden autobiografia arrastoak. Kasu honetan, aski da biografia hori apur bat ezagutzea; izan ere, disimulurik gabe eta, zenbaitetan, izenak aldatu gabe agertzen ditu bere bizitzan ikusitako leku eta pertsonak, disimulurik gabe azaldu odolaren suak nola eramaten gaituen zentzuak aholkatzen ez dituen ekintzak egitera eta nola eraikitzen den tragedia, «gero egin dezakegu hondamenen balantzea» egiten dugularik. Horixe baita, finean, «Odolaren sua», tragedia bat. Agertzen diren pertsonaia guztiek dute beren sekretua, azala garbi izan arren, arima «zikin», odolaren suak bultzatuta behinola egindako ekintzen erruz. Kontakizunaren lehen erdia bare igarotzen da, gero etorriko den uholdearen zertzeladak ematen badira ere. Frantziako landa-eremuko bizimodua deskribatzen da, bertako bizimodu «lasaia». Baretasun horretan badirudi pertsonaiak lauak direla, bizitza lineala izan dutenak, ibaian behera urak jauzirik egin gabe egiten duela aurrera, erreka jo gabe. Eta badirudi ez dela deus gertatuko azken puntura helduta ere. Zenbaitetan azken puntura helduta ere irakurlea sentsazio horrekin geratzen da, asaldurarik, astinaldirik gabe pasa direla orriak. Kasu honetan, ordea, nobela beltz on baten maisutasunez ekintzak arrapaladan jazotzen dira bigarren zati horretan, irakurlea ustekaberako prest dagoen arren, kontakizunak ezustekoa ematen dio eta asaldatu egiten da. Gaitzat, izenburuari kasu eginez, odolaren sua hartzen badugu, esan dezakegu, engainuak, iruzurrak, adulterioak osatzen dutela saltsa, maitasunaren aldaera horiek. Zentzuak bide bat markatu eta suaren ondorioz beste batean muturra sartzean ibaia oldartzen hasten da. Bizitza eta ezkutuko bizitza (bide batez, ageriko ezkutuko bizitza, sekretua oihartzun isil bat baita) kontrako noranzkoan bi bide dira, baina zein da benetako bizitza? Uste dut galdera horren gogoeta dela liburuan egiaz plazaratzen den gaia, zenbaitetan sarkasmoz hitz egiten baitu bizitza zentzudun horretan, Jaunak markatutako bideaz. Ia mendea igaro da Nemirovskyk orri hauek idatzi zituenetik eta, beharbada, harritu egingo litzateke, ustez horrenbeste garatu den munduan, bere galdera gaur ere ausartegia litzatekeela jakingo balu.