NOV. 30 2013 Azkartasuneko Munduko Txapelketa Aizkolari guztiek erakutsi ahal izango dute duten maila Bost maila ezberdinetan banatuta arituko dira bihar eguerdian, 11.30etatik aurrera, Arbizuko pilotalekuan. Guztira 100 aizkolaritik gertu neurtuko dira. Jon LEUNDA Munduko aizkolaririk azkarrena zein den erabakiko da bihar Arbizuko pilotalekuan, 11.30etatik aurrera jokatuko baita Munduko Txapelketa. Maila guztietan, gainera. 18 urtez azpikoak, 23 urtez azpikoak, elitekoak, 50 urtetik 60 urtera bitarteko beteranoak, eta 60 urtetik gorako beteranoak neurtuko dira. 18 urtez azpikoetan, han izango da denen gainetik dabilen Iker Vicente. Larrea III.a edo Etxeberria II.a bezalako aizkolariak ere izango dira Arbizun. 23 urte azpikoetan, Saralegi anaiak -Ruben eta Eneko-, Oihan Larretxea, Ander Erasun edo Eneko Otaño izango dira lanean, jo eta su. Elitean, berriz, Floren Nazabal buru dutela, Unai Otaño, Iñaki Azurmendi, Jexuxmari Mujika edo Aitzol Atutxa bezalako aizkolariak izango dira nor baino nor, beste batzuen artean. 50 urtetik 60ra bitartekoetan, oraindik plazetan puntan dabiltzan aizkolariak arituko dira. Donato Larretxea, Joxemari Olasagasti, Anjel Arrospide edo Joxe Ugarteburu, besteak beste, arituko dira lanean. Beteranoenetan, berriz, aspaldian gutxi ikusitako aizkolariak ikusi ahal izango dira. Miel Mindegia, Arria II.a, Leontzio Goñi -Mikel Goñi pilotariaren aita-, edo segan ere ederki moldatzen den Joakin Garmendia. Izen horiek gutxi batzuk besterik ez dira, 100 aizkolaritik gertu arituko baitira Arbizuko pilotalekuan lanean. Torneoa Gaur, berriz, Gasteizen aizkorako eta harri-jasotzeko torneo misto bat antolatu da, Zaramagako pilotalekuan, 17.00etan. Alde batetik, Zubiaga eta Kortxero aizkolariak eta Ostolatza harri-jasotzailea arituko dira, eta, bestetik, berriz, Mugertza II.a eta Kintana aizkolariak eta Urruzuno harri-jasotzailea. Saioan zehar talde bakoitzak lan ezberdinak egin beharko ditu. Omenaldia. Biharko jaialdia txapelketa bat baino gehiago izango da, Jose Inazio Floresi omenaldia egin nahi baitzaio. Gaixotasun batek jota utzi behar izan zuen aizkora, eta kide izan dituen guztiek elkartasuna erakutsi nahi diote.