NOV. 30 2013 ISON kometak ez du perihelioa gainditu, eta ezingo da begi hutsez ikusi GARA Ikusmin handia zegoen ostegunean ISON kometak Eguzkia ia laztanduz egin behar zuen bidaiaren inguruan. 1,8 milioi kilometro ingurura hurbilduko zela iragarri zuten astronomoek (kontuan izan behar da Halley kometa 90 milioi kilometrora igaro zela 1986an). Elhuyar aldizkariak jasotzen zuenez, iluntzean ailegatu zen periheliora ISON, eta, SOHO behatokiaren atzo goizeko irudiek erakusten zutenez, nukleoa izan daitekeen zati batek soilik iraun du. Elhuyarrek zioenez, ez dirudi nukleo hori nahikoa izanen denik espero zen bezala ISON kometa datozen egunetan zeruan begi hutsez ikusi ahal izateko. Aldizkari honetan azaltzen denez, eguzki arraseko kometa izena ematen diote ISONen gisako arrokei, Eguzkitik hagitz hurbil igarotzen direlako. Txikienak desegin egiten dira periheliora bidean edo ondotik. Handienek soilik lortzen dute izar handi honen berotasun ikaragarrian jasan beharreko baldintzetatik onik ateratzea. ISONek tamaina polita zuen eta astronomoek bazuten esperantza. Zuzenean ikusi ahal izan zen Interneten nola gerturatu zen Eguzkira, eta nola joan zen materiala desegiten.