GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Denok gara Sevilla II


Hilabete pasatxo eutsi diote Sevilla II espetxeko presoek gose grebari. Jakina, jateari uko egitea ez da hautu erraza eta muturreko borroka molde hori hautatu izanak pairatzen zuten/duten egoera larria ere mahaigaineratu nahi du. Erakutsi diguten irmotasunari esker, EPPK ia osoa bezalaxe urrunduta eta ehunka kilometrotara gatibu egonik benetako deportatu politiko ditugun militante hauek espetxe politikaren errealitatea agerian utzi digute beste behin ere.

Egia esan, «espetxe politika ankerra» esateko zorian ibili naiz, baina antzua iruditu zait, sintagma biak batera doazela eta izenlagun leunik mereziko lukeen kartzelarik ez dela kontuan hartuta. Ezen minutu soila gehiegikeria da burdinen artean. Guztiarekin ere, gizakiaren gogorkeriak (are gehiago horretan nolabaiteko plazera ateratzen zaionean) ez du mugarik ezagutzen eta bere krudelkeriak maiz harritu nau.

Izan ere, itsuki ankerkeriari loturiko Administrazioa, gaixo den Estatu baten seinale delakoan nago. Adibide bakarra aipatzearren: negu hotzean berogailua (dagoenean) itzali eta gose grebaren ondorioz gorputz-tenperatura gutxienean daukanari tapakiak kentzea, errepresio hutsaz harago mendeku amaigabe soilaren terminoetan soilik uler daiteke.

Sevilla II espetxeko presoek burutu duten borrokaldiaren inguruan ikusi eta entzun dudanekin, bi konturekin geratu naiz bereziki: batetik, eragile dezente aktibatu direla eta, zinez poztu nauena, horietako batzuk -aspaldiko partez, gainera- antolatu diren elkartasun ekimen ezberdinei lotu zaizkiela; bestetik, aurrera begira itxaropentsutzat jotzen dudana, borroka moldeen arteko osagarritasunak nondik nora joan behar duen ikusteko parada ezin egokiagoa izan dugula uste dut ere.

Orain, EPPK berak ezagutzera eman zuen agirian azaldu zuen ildotik, kaleari dagokio/dagokigu lekukoa hartzea. Espetxe politikaren zama ezin baitugu berau pairatzen dutenen bizkar utzi. Krudelkeria-politika arintzeko ardura geurea da lehendabizi, eta Sevillako presoek aurkeztu diguten muturreko egoerak ardura horren aurrean jartzen gaitu. Ardura berezia dute, bestalde, gatazkaren erroetara jo eta elkarlanari ekin beharrean, planak gora eta planak behera ibiliz, ezertan eta inoiz ez bustitzeko aitzakiak bilatzen dituztenek.

Azken funtsean, Sevilla II espetxean ditugun senide eta lagunek Espainiako edo Frantziako beste edozein espetxetan pairatzen den egoera bera irudikatu digute. Denok gara Sevilla II, beraz, eta horrelako egoera bat urte pila batez eraman ostean Euskal Herrira itzultzen direnei besarkada bat ematea da, ene ustez, gutxienez zor zaien, diegun zerbait. Hori debekatzea edota beste alde batera begiratzea, berriz, herriko seme-alaben aurka aritu eta ez dakidan zein herriko ez dakidan zein elizako kanpai-hotsa ez dakidan zeren gorazarretzat jotzen duten zoroen konplize bihurtzea da.