DEC. 02 2013 Eguraldi txarra baina giro bikaina Kantauri Surf Ligako bigarren saioan Haritz LARRAÑAGA DEBA Haize hotza, euria, olatu eskasak baina giro bikaina. Horrela labur daiteke Kanturi Surf Ligako azken saioa. Azaroaren 23an hasi zen Kantauri Surf Liga eta asteburu honetakoa, beraz, bigarren saioa izan da. Saio bakoitzean talde batek jai izaten du, eta, asteburu honetan lehiatu ez den taldea, Urola Kosta taldea izan da. Bizkaian eta Gipuzkoan izan ziren surflariak taldekako lehian. Batetik, Sopelan, Barinatxe hondartzan itsasoratu ziren Getxoko taldeko eta Bakio Surf Taldeko kideak. Baldintza kaskarrak izan zituzten, baina, hala ere, gogor aritu ziren lehiakide guztiak. Sei pertsonaz osatutako talde banatan ez zen neskarik izan, beraz, ez zuten neskei dagokien olatu bikoitza egiterik izan. Gehienak lehiakide gaztetxoak ziren, bai Bakioko taldean bai Getxokoan. Azkenean, ordea, Bakiokoak gailendu ziren -guztira 35 puntu biltzea lortu zuten-; Getxokoek, berriz, 29 puntu jaso zituzten epaileen eskutik. Gipuzkoan, berriz, Debako hondartzan elkartu ziren Zurrunbilo taldeko kideak, Lekeitioko Artzabal surf elkarteko kideen aurka lehiatzeko. Zurrunbilo taldean bi neska, bi gaztetxo eta bi ohiko surflari zeuden, beraz, hiru olatu bikoitz egiteko aukera izan zuten. Artzabal taldean, ordea, gaztetxoak bakarrik zeuden, beraz, ez zuten neskei dagokien olatu bikoitza egiteko aukerarik izan. Hala ere, bi taldeak oso parekatuta izan ziren lehiak iraun zuen ia denbora osoan, baina, azken minutuetan, Debako kideek aurrea hartzea lortu zuten. Zurrunbilo taldeak guztira 32 puntu bildu zituen, eta, Artzabal taldeak, berriz, 28 puntu. Lau puntuko aldearekin, beraz, Debako lehiakideek irabazi zuten. Txapelketa amaitu ostean, batean eta bestean, lehiakide, epaile eta ikusleek hamaiketako bikaina egin zuten, eta, horrela, eguraldi txarra izan arren, umorez eta giro onean eman zioten amaiera Kantauri Surf Ligako bigarren saioari.