DEC. 02 2013 ZIRIKAZAN Misoginia eta irmotasun eza Josebe Egia Ez dut imajinatzen «Kontratatu eta esplotatu etorkinak zure mozkinak handitzeko» izeneko libururik argitaratuta, enpresarien elkarteak, adibidez; edo «Espainian, ikusi, ikasi eta ixo», atzerritarrei begirako Estatuaren gida gisa. Onartezina litzateke bere burua demokratiko, berdintasunezko eta asketzat duen jendarte batean. Arrazismoaren, xenofobiaren eta abarren gorespena egotziko litzaieke eta, izugarrizko eskandalu baten ondoren, debekatuko egingo lirateke. Badakigu arrazismoa eta xenofobia, kasu, ez daudela erauzita gure jendartean; alderantziz, indartu ere egiten ari direla azken garaiotan, «dirua bukatzen denean, maitasunak -elkar ulertzeak, solidaritateak, laguntasunak- leihotik ihes egiten duelako», gehienbat. Badakigu egunerokoan norbanakoen jokabide askoren atzean, hondoan, era bateko edo besteko desberdinenganako gorrotoa dagoela, eta batzuek zoliago eta beste batzuek nabarmenago egikaritzen dutela, buruz buruko harremanetan. Baina ezinikusi biziari bide ematen dietenek ere badakite egun zenbait ideia ez dela komeni lau haizetara oihukatzea, jendarteak jendarte mailan gaitzetsi egiten dituela, eta egun lehen baino zertxobait zorrotzago ibili behar dela bestelako aitzakiez mozorrotuta besteak baztertzeko, iraintzeko edo zapaltzeko orduan. Finean, etxeko lau paretetatik kanpo, maskara jartzean baino ez datzala sekretua. Hori da pertsona asko eta askoren jokabidea. Ez, ordea, guztiena. Batzuek, beren nagusitasun moralaz konbentzituta, euren ustez gero eta galduago dabilen jendartea bide zuzenera eramateko misioa bere gain hartuta, inolako mozorrorik eta itzulingururik gabe egiten dute beren obsesio pertsonalen alde, inolaz ere kezkatu barik horrela misoginia, berdintasun eta askatasun eza zabaltzen dituzten, jendartea bere aldetik etengabe aldarrikatzen ari den balio eta printzipioen kontra eginez, behin betiko erauzi nahi diren pertsonek pertsonei eragindako tratu txarren hazia, hain zuzen, ereinez. Eta maila pertsonalean barik, erakunde gisa. Bide horretan, Granadako apezpikuaren eskutik, liburu bat argitaratu da: «Ezkondu eta izan zaitez otzana». Liburuaren izenburuaren aginduari baino ez erreparatuta nahikoa da jendartearen eta bereziki emakumeon kontrako atentatutzat jotzeko eta, ondorioz, zirkulaziotik kentzeko. Pentsa liteke maskararik gabeko norbanako jakin baten eldarnioa dela, Espainiako Eliza katolikoaren agintaritzaren isiltasunagatik ez balitz. Pentsa liteke bere obsesioan nahasturiko misogino bakar baten gurutzada dela, misoginia hori bera ez balitz emakumeok jasaten ditugun gaitzen jatorria. Emakumeon berdintasuna eta guganako indarkeria mota ororen desagerpena xede dituen jendartean, ulertezina da argitalpen horrek kritikak bakarrik jaso izana. Onartezina zabaldu nahi duen mezuari, haren igorleari, erantzun tinkoagoa ez ematea. Arlo honetan, kritika ez baita nahikoa, eta sistematikoki emakumeon mendekotasuna aldarrikatzen duen erakunde baten kontrako ekintza zehatz eta irmo eza, lotsagarria. Ukiezinik onartzen jarraituz gero, jai daukagu eta.