DEC. 09 2013 Lau eta Erdiko Txapelketa Aimar eta Irujoren arteko finalei errepasoa Goizuetarra eta iberotarra hamargarren aldiz neurtuko dira datorren larunbatean final nagusi batean. Azken hirurak Aimarrek irabazi ditu. J. ORMAZABAL-A. AIESTARAN Aimar Olaizolaren eta Juan Martinez de Irujoren arteko neurketen historia luzea da jada, eta horren onak direnez biak, baita elkarren aurka jokatutako finalena ere. Orain arte bederatzi final nagusi jokatu dituzte batak bestearen aurka, horietatik bost irabazi ditu goizuetarrak -azken hirurak segidan- eta lau, aldiz, iberotarrak. Final borrokatuak izan dira batzuk, argi xamar erabaki direnak besteak, baina denek eduki dute berezitasunen bat, etorkizunean ere gogoratzea merezi duen xehetasunen bat. Datozen lerroetan horietako batzuk gogoratuko ditugu, bi protagonistek dituzten oroitzapenak eta egunean bertan esandakoak ere berreskuratuz. Pilotariek frontoian idatzitako historia da, baina baita zaleoi bizitzea tokatu zaiguna ere. 1. Buruz buruko txapelketa. Aimarren kuttunena. 2005-6-5 Ordurako Lau eta Erdian bi txapel irabaziak zituen arren, 2002an eta 2004an, Aimar Olaizolak beti esan izan du bere ibilbideko txapelik bereziena izan zela Irujoren aurka jokatu zuen lehen final handian eskuratutakoa. Kontuan izan behar da goizuetarrak oso esperientzia garratza bizi izan zuela bi urte lehenago, Patxi Ruizen aurkako finalean min hartuta, eta Buruz Buruko Txapelketa nagusia lehen aldiz irabaztea edozein pilotarik bereziki gogoratzen duen unea da, are gehiago finalean 15-6 galtzen joan ondoren. Larunbateko finalarekin ere izan dezake antza, gainera, orduan ere Martinez de Irujo hatza apurtuta ibili baitzen. «Xabi Galartzarekin entrenatzen apurtu nuen, final-laurdenetan Asier Olaizolaren aurka jokatu behar nuen neurketa prestatzen ari nintzela», gogoratu izan du 2004an Xalaren kontra lortutako titulua berritu ezinik geratu zen Iberoko aurrelariak. 2, Binakako Txapelketa. Bi lagunen lorpena. 2006-3-19 Irujok oroitzapen oso onak ditu irabazi dituen Binakako hiru txapelez, berak esaten duen moduan, «garaipena lagun batekin lortzen duzunean askoz gehiago gozatzen delako». Eta Peio Martinez de Eulaterekin irabazi zuen finalaz zeresanik ez: «11-9 galtzen ari ginen eta hortik zuzen-zuzenean 22ra joan ginen. Binaka jokatu dudan partidarik onenetakoa dela uste dut, dena irten zitzaidan. Gantxoak luze joz Aimar frontisetik urrun egotea lortu nuen eta Eulatek ere norgehiagoka bikaina jokatu zuen». Olaizola II.ak ere gogoratzen du egun hura, baina beste arrazoi tristeago batengatik. «Ongi gogoratzen naiz final horretaz, Gasteizera bidean nindoala nire bizitzan izan dudan auto istripu bakarra izan nuelako», aipatzen zuen Goizuetakoak duela pare bat urte. «Elur-bustia ari zuen, txingorra... Azkenean berandu iritsi nintzen pilotalekura eta uste dut ez nintzela behar bezala sartu neurketan». 3. Buruz bururko Txapelketa. Hirukoaren bila. 2006-6-4 Olaizolaren eta Irujoren arteko norgehiagokak klasiko trazak hartzen hasiak ziren 2006ko uda hasierarako. Binakako Txapelketaren finalean elkarren aurka jokatu eta apenas bi hilabete eta erdira berriz ere nor baino nor ziren biak Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Urtebete lehenago txapela Aimarrek jantzi zuen arren, zaleek fede ikaragarria zuten Irujorengan eta apustuak nabarmen irten ziren Iberokoaren alde. Asmatu zuten, egia da, baina finala oso gogorra atera zen Buruz Buruko Txapelketa zela kontuan izanda: 219 pilotakada eta ia ordubeteko dema. Irujoren bigarren txapela zen urteko lehiaketa nagusian, eta handik hilabete gutxira historia egin zuen, Lau eta Erdikoa lehen aldiz bereganatu eta urte berean hiru txapelketa nagusiak irabazten zituen bigarren pilotaria bilakatu baitzen, aurrez Julian Retegi handiak bakarrik lortua zuena. Kuriosoa da, hala ere, Irujok ez duela bereziki gogoratzen final hura: «Galdutakoez gehiago oroitzen naiz normalean. Eta jendeak ere gehiagotan gogoratzen dizkizu galdutakoak irabazitakoak baino». 4. Lau eta erdiko txapelketa. Kaiolako lehena. 2008-12-8 Lau eta Erdian elkarren aurka jokatu zuten lehen finala Aimarrek irabazi zuen Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Kostatu zitzaion arren, Irujok tamaina hartua zion kaiolari ordurako eta ligaxkako azken partidan ere elkarren aurka neurtu behar izan zituzten indarrak. Irujok irabazi beharra zeukan finalean sartzeko eta halaxe egin zuen, 22-17ko emaitzarekin. Finalean ere emaitza berdina izan zen, baina kasu honetan garaipena goizuetarraren aldekoa. Hau ere oso final estua suertatu zen, eta markagailuan berdintasun handia egon zen. Aimarrentzat izan zuen esanahi berezia txapel honek batez ere, Lau eta Erdian lortzen zuen laugarrena baitzen, ordura arte kaiola barruan Julian Retegik soilik lortua zuen kopurua berdinduz. 5. Binakako Txapelketa. Goñiren eskapada. 2009-3-29 Aimar eta Irujoren arteko Binakako Txapelketaren bigarren finala ere Irujoren alde erori zen. Olaizolak Oier Mendizabalekin osatzen zuen bikote, urte bat lehenago txapela jantzi zuen konbinazioa errepikatuz; Martinez de Irujok, aldiz, Fernando Goñi izan zuen bizkartzain, hain zuzen ere iberotarrari profesional mailako bere lehen txapela irabazten lagundu zion kide berbera. Eta Zubiriko atzelaria izan zen Atanoko finalean protagonista nagusia. Markagailuan 21nako berdinketarekin, Goñiren eskapada bat txapa gainean suertatu zen ozta-ozta, eta garaipena bi nafarrentzat izan zen. Final gogoangarria izan zen 2009ko hura, bi aurrelariek oso ongi gogoratzen dutena, eta zaleei galdetuta ere denek gogoratzen dute Goñiren eskapada famatua. Horrez gain, ordea, partida bera ere gogorra eta tentsioz betea izan zen Binakakoan bien arteko azkena, 660 pilotakadakoa eta ia ordu eta erdiko iraupena izan zuena. Irujok gogoratzen zuenez, «ikusleren batek izotz zati bat bota zuen kantxara eta neurketa gelditu egin behar izan zuten kantxa behar bezala lehortzeko». 6. Buruz buruko Txapelketa. Irujoren azken garaipena. 2009-6-7 Bien artean jokatutako bederatzi final nagusietan, Irujoren azken garaipena 2009ko ekainekoa da. Iberotarraren unerik gozoenak ziren eta Atanon jokatutako finalean 12an utzi zuen Aimar Olaizola. Hala ere, emaitzak ez du egoki erakusten final hark izan zuen gogortasuna. Ia ordubeteko dema izan zen eta markagailua oso parekatua joan zen 12-14kora arte. Aimar Olaizolak handik pare bat urtera egindako adierazpenak entzun besterik ez dago horretaz jabetzeko: «Beti esan izan dut partidaren erdialdera arte Buruz Burukoan jokatu dudan neurketa onenetakoa izan zela. Baina erditik aurrera nekea nabaritu eta asko jaitsi zen nire maila». Irujok ere, normala denez, oso gogoan du egun hura. «Binakakoa irabaztetik nentorren, sasoi betean, eta benetan gozatu dudan final gutxietako bat. Sake-errematearekin gehien asmatu dudan finala izango da, eta pilota erraz irteten zitzaidan». 7. Lau eta erdiko Txapelketa. Aitaren omenez. 2011-12-11 2011ko Lau eta Erdiko finala, Aimar-Irujo lehiaren aldaketa ekarri zuen finala dela esan daiteke. Goizuetarra uste baino askoz maila hobean itzulia zen bere belauneko lesio larritik: Binakako Txapelketa irabazi zuen Beginorekin bikote osatuz eta Buruz Buruko finalera ere iritsi zen -Xalaren aurka galdu zuen-. Kaiolan berriz ere Irujorekin neurtu behar izan zituen indarrak, elkarren aurka Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu zuten lehen finalean. Eta neurketa orduz geroztik ohitura bilakatu den tankerakoa izan zen. Olaizola oso fin aritu zen, partidan lehen minututik sartuta, eta Irujo berriz indarka, gogotsu baina asmatu ezinik. Lehen zati nahiko berdinduaren ostean, Aimar zuzenean joan zen 13-12tik azken 22-12kora, sakearekin sei tanto ere eginez. Olaizolarentzat, gainera, oso txapel berezia izan zen aipatutako hau, zendu berria zen bere aitari eskaini ahal izan baitzion garaipena. 8. Buruz buruko Txapelketa. Hamazazpi segidan. 2012-6-24 Lau eta Erdikoa jokatu eta handik urte erdira berriz itzuli ziren Olaizola II.a eta Irujo Bilboko Bizkaia pilotalekura, eta kaiolako finalean Aimarrek bederatzi tanto segidan eginda amaitu bazuen dema, Buruz Burukoan hamazazpi tantoko partzialarekin utzi zuen finala erabakita. Goizuetarra 4-0 aurreratu zen lehenik, baina Irujok markagailuari buelta eman eta 5-7 hartu zuen aurrea. Hortxe amaitu zen finala, izan ere, Goizuetako aurrelaria zuzen-zuzenean joan zen 22ra, Irujok bere onetik irtenda atsedenak alfer-alferrik eskatzen zituen bitartean -aulki bat ere hautsi zuen bere amorruan-. Aimarren hirugarren txapela izan zen Buruz Burukoan, bere hamargarren txapel «handia», eta normala den moduan oso pozik azaldu zen partida amaieran. «Oso gustura sentitu naiz kantxa barruan, eta txapela nire anaia Asierri eskaini nahi diot bereziki, finalera iristeko bidean asko lagundu didalako». 9. Buruz buruko Txapelketa. Azken aurrekaria. 2013-6-23 Azken hamarkadan erabat agindu duten bi pilotarien arteko finalen errepasoa aurtengo udaberrian amaitzen da, azken aurrekaria aurtengo Buruz Buruko finala baita. Neurketak aurreko bien traza bera izan zuen, eta emaitza ere urtebete lehenago pilotaleku berean izandakoaren berdina izan zen: 22-7. Bien arteko aldea inoiz baino handiagoa izan zen joko mailan ere. Irujok, hasierako bizpahiru tanto kenduta, ezin izan zuen ezertxo egin Aimarren kontra, eta urtebete lehenago erakutsitako haserre eta amorruak ere ez zuen lekurik izan. «Asko nabaritu da nik sakea hartzen nuenean takada politak egiten nituela, eta Irujok aldiz ez zuen lortzen. Gaur egungo pilotekin min asko egin daiteke saketik», azaldu zuen Aimarrek Buruz Buruko bere laugarren txapela jantzi ostean. «Hemen denok ezagutzen dugu elkar. Hamabost egunean erabat osatu da ikusten denez eta gaur ongi jokatu du. Aimarrek beti jokatzen du ongi», zioen Irujok orduan ere atzerapenen inguruan.