DEC. 11 2013 TXOKOTIK Sei lagun hil dira hotzagatik. Eta zer? Ariane KAMIO Kazetaria Gizabanakoaren bizitzak baliorik badu, balio hori aldakorra da tokiaren, testuinguruaren eta pertsonaren arabera. Pertsonaz hasita, Nelson Mandela aipagai. Hegoafrikako eta nazioarteko erreferenteetako bat zendu da; galera nabarmena. Atzo Soweton egindako omenaldiak argi erakutsi zuen berak utzitako ondarea ez dela alferrikakoa izan, beltz eta zurien arteko «batasuna» eta herrialdearen etorkizuna jadanik ezbaian jarri badira ere. Zerbait izan bazen, borrokalaria izan zen Madiba, nahiz eta azken egunetan sortutako erreakzioek bere bizitzaren parte bat bakarrik ekarri duten gogora. Hizketarako zuen gaitasuna eta aurkariekin ulerkor izateko zuen ahalmena goratu dira. Eta ez dago gaizki, baina tira, agian mito bilakatu den pertsonaia baten ibilbidea hustu dutela esan daiteke. Testuinguruak badu horrekin zerikusirik. Eta gurera ekarriko nuke bere heriotza. 27 urtez espetxeratuta egon zen Mandela, eta ez bizi-baldintzarik duinenetan. Azken asteetan beste horrenbeste urte espetxean egon diren hamarka euskal preso irten dira kalera, eta Madiba Gobernu espainolaren sakabanaketa politikaren baitan balego, bera ere Parot zerrendako beste preso bat litzateke. Eta zigorra osorik bete ondoren irtengo litzateke libre. «Terrorista» bat gehiago, beste askoren artean. Baina Rajoy Soweton zen atzo. «Euskal Mandela» bilatzeko lehia ere bada. PSEko gazteriak oharra kaleratu zuen atzo. «Euskal Mandela» Ramon Rubial litzakeela, eta ez Arnaldo Otegi. Tira, bakoitza berera. Obamak ere goratu zuen. Pertsonaia historikoa, bere iritziz. Historikoa, bai, noski, batez ere AEBentzat, urte mordoa eman baitzituen bere zerrenda beltzean. Tokiak ere badu, beraz, gizabanakoaren bizitzaren balioan zerikusirik. Eta ondoren adibidea. Sei heriotza 2013an. Zendutako horien artean bat behintzat, beltza eta afrikarra. Hotzak kale gorrian hildakoak denak azken urtean, BesteBi plataformaren arabera. Txikikeria hutsa, azken batean, Mandelaren eredua gurera nola ekarri pentsatzen ari garen bitartean. Ze zinikoak garen nahi dugunean. Resist! [@arianekamio]