GARA Euskal Herriko egunkaria
TXOKOTIK

Olentzeroren paperetan jarrita


Ez nago ziur zenbateko aurrerapenarekin, baina uda amaitu eta berehala hasiko nintzen seguru asko Olentzero handiari eskatu behar nizkionak, gutxien-gutxienez, aipatzen. Aurrea hartzea gustatu izan zait, izan ere, niri beti. Luze jotzen zuen, beraz, nirean «Olentzero begira» izatearen sentsazio zamatsuak.

Uda ostean ia pentsatuak nituen opari haiek ahaztuak nituen jada paperean jartzen hasten nintzenerako edo, hobe esanda, buruan nebilzkien berriek irentsita zituzten. Gutun azal ponpoxorik gabe, idatzi traketsean pilatzen nituen nahi eta eskariak puntuz puntu, jolaserako eta ukigarriak ziren gehien-gehienak eta desira mailakoak berriz tartean beste batzuk.

Egon zen garai bat, izan ere, ahalguztidun gisa sumatzen nuela miresmen eta beldur sentimenduekin begiratzen nuen ikazkina. Zarpailtasunean ere elegante, edozer eska niezaiokeela sinetsita nengoen, antza; zakuan edozer kabitzen zitzaiola, alegia. Urteetan zenbakiak eransten joan nintzen adinean. Hasi ziren xamurtzen haren baitan jarriak nituen itxaropen handiak eta hasi nintzen eskatzen paperetan bilduta baino ekarri ezin zitezkeen eskariak.

Ikasgelatik irten eta eskolaren atarian jarria duten Olentzerori adi-adi begira begi-dardarrean ikusten ditut, ordea, oraindik txikiak; miresmenez, baina beldur puntu hori galdu gabe. Haren handitasun eta boterean erabat sinetsita, beharbada.

Olentzerori paperetan baino bildu ezin daitezkeen oparien zerrenda egin dut nik etxean, baina ahalegindu naiz ukitu ezin daitezkeenak ere opari kaxa horretan, indarka bada ere, sartzen; mutil-neska, urdin-arrosa borrokatik ihes egiteak dakarren askatasun hori paper artean biltzen; euskararen hitz doinu gozoak zirrikituetatik ihes egin ez dezan zeloa kontzientziaz jartzen, jolasak eskola gisa duen indarra paper zorroan barneratzen... Saiatu naiz, baina ez da erraza Olentzeroren paperean jartzea. Helduontzat ulertzen zaila da, izan ere, txikien heldutasun handitasun hori.