GARA Euskal Herriko egunkaria
TXOKOTIK

Preso egiten zaituen musu baten istorioa


Letren konbinazio sinple eta erabilera arruntenek ere, imajinatu ezinezko plazer eta ezusteko eztienak eskain- tzeko indarra dute. Asteon gertatu zait horren froga nabarmena, aspaldi ezagutu nuen lagun frantses baten gutuna, espetxetik, eskuratzean. Musu bat emateagatik hogei urtera kondenatu dute. Bai, irakurtzen duzuen bezala, bere gordintasun harrigarrian.

Biziberritzeko indarra duten musuak daude, usain arinez beterikoak, deskantsurako ohe sakon eta ezkutuak direnak. Balkoietan lore arraro eta exotikoak erakuts ditzakete, elkar musukatzen dutenentzat zeru ederragoen pean loratuko direnak. Agur baten desesperantza dakarten musuak badira, distira gabeko ispiluak, gogorik gabeko sugarrak. Eta bai, musu bat eman eta seko hiltzen dutenak ere badira, bai.

Lagunak lotsarik gabe aitortu zidan lapurretarako joera, aspaldi-aspaldian. Damatxo errusiar batez itsu maiteminduta zegoen eta lapurtutako botinak luxuzko hoteletan, tropikoetako esentzia eta jaki bitxietan gastatzen zituen. Homosexualei lapurtzen espezializatua zegoen, giharraren tirania eta tamainaren diktadura horrenbeste maite zuten gay dirudunak zituen begiko biktimak. Pariseko Le Marais auzoko boît de nuit garestietan bere gorputz gaztea erakutsi eta otzan konkistatzen uzten zuen. Xirri eta karizietan espezialista, bere helburua luxuzko estudio eta apartamentuetako logeletara iristea zen.

Ohean maitasuna egitean, mihi azpian gordetzen zuen dosi lokartzailea ematen zien pasiozko musuetan. Eta homosexuala ohean seko lo utzita, kanpoan zain zuen damatxo perla deitu eta, presarik gabe, lapurtzen zuten. Lapurtutakoa kontinentez kontinente, hondartza paradisiakoetatik sauna exotikoetara jauzika, amodio abentura garesti askoan xahutzen zuten.

Eta horrela urteak eta urteak, Bali uhartetik bueltan aireportuan (berriz) atxilotu duten arte. Orduan jakin zuen bere azken biktimak lau by-pass zituela bihotzean, homizidioa egotzita bihotz pattala zuen gay hura lokarrarazi beharrean seko zerraldo utzi zuela mingain azpian gordetzen zuen dosiarekin.

Hiltzen duten amodioak daudela dio topikoak. Preso egiten zaituzten musuak ere bai. Hain zuzen ere, hain oker ere.