GARA Euskal Herriko egunkaria
Surflari ernegatua

Olatu handietako izpiritu famatua eta txapelketak


Ez du txanda pasatzea lortu. Eginahalak egin ditu, goiz osoan etorri den olaturik handienak azpian antzeman du, eta horrela izan ez denean milaka tonako ur masa erraldoia berak hartu nahi izan du. Ia irtenbiderik gabeko olatu handi baten malda amaiezina jaitsi du eta garesti ordaindu du, epaileek ez baitute jaitsiera behar bezala puntuatu eta gainera atzean zetozen ur mendiek ez dute barkatu.

Minutu gutxiren faltan, lehiakide guztiek badiak eskain dezakeen eremu lasaienera arraun egin dutenean, berak kontrako bidea hartu du, ez du ihes egin nahi, olatua harrapatu nahi du, lehertuko den leku zehatzean, kalkulu akats baten ondorioz gorriak ikusiko baditu ere. Eta metro gutxiren faltan, parean altxatu den olatuak beherantz bultzatu du, txikota txikitu eta txanda pasatzeko aukera oro birrindu du.

Hori nahikoa ez, eta salbamendu lanetan dabiltzanei utzi dien bere uretako motoak haitzetan amaitu duela jakin du uretatik atera denean. Apar batek branka zorrotzen kontra kolpatu du motoa eta han utzi du, zauri irekiekin abiarazi ezinean.

Sorosleek Galea muturreko itsaslabarren azpian hainbeste balio duen motoarentzako leku seguru bat topatu eta hara garraiatu nahi izan dute, baina jabeak ezetz esan die, itsasoak gora egin baino lehen zenbait lagun bildu eta gainean duen horman gora tona eta erdiko trepeta igo dezakeela. Inork ez dio sinetsi, ezta nik ere, ezer esatera ausartu ez banaiz ere, baina jarraitu egin diogu.

Berrogei bat lagun elkartu, uretako motoa lotu eta tiraka berrehun metro egin dituzte arroka artean. Gero, 30 metroko altuera zuen horma batean zintzilik igo dute motoa, sokari tira eta tira eginaz. Zailena eginda, harri txikiz osatutako malda hartu eta beste bostehun bat metro egin dituzte gora. Motoak zauriak izan ditu, noski, baina gora iritsi da. Hainbesteren artean bakar batek baino ez zuen sinesten posible zela hasieran, eta begira...

Olatu handien txapelketak egiten hasi zirenean, behin eta berriz errepikatzen zuten ohiko eredua alde batera utzi nahi zutela. Olatu handietako surfa beste gauza bat zela eta beste zerbait baloratu behar zela.

Galea Puntako txapelketa ikusi ostean gauza bat garbi daukat, txapelketek ez dute surflariok hainbeste maite dugun hori irudikatzeko gaitasunik eta nortasun benetakoa zikira dezakete zenbait surflari bikainen kasuan. Atzo, ez zuen txanda bat bera pasatzea lortu, baina olatu handietako surflarien izpiritua zein den norbaitek jakin nahi badu, ez begiratu beti lehen postuetako izen ezagunetara, jarraitu Axi Munian eta ikusiko du.