GARA Euskal Herriko egunkaria

Punta Galea Challenge: Ikuskizun bikaina eta maila altua olatu handien munduko lehiaketan

Olatu handiak, surflari bikainak eta ikuskizun ezin hobea izan ziren nagusi atzo Galea muturrean. Getxokoa, olatu handien munduko itzuliak Europan egin duen lehen txapelketa da. Lehiakide guztiak aritu ziren itzel, baina azkenean Grant Bakerrek irabazi zuen.


Lehen aldiz munduko olatu handien itzulian Europako urautsi bat gehitu dute, Galea Puntako olatua. Iaz proba egin zuten, Gary Linden BWWT (Big Wave World Tour) itzuliko lehendakaria Getxon izan zen olatu handietako txapelketa bat egiteko baldintzak betetzen ziren ikusteko eta txapelketa amaitu ostean honela mintzatu zen: «Galea muturrak olatu handiak hartzeko mundu mailako potentziala du. Beraz, agian, egunen batean munduko olatu handien itzuliko zerrendan ikusi ahal izango dugu `Punta Galea' izena».

Urte bat beranduago, Maverick's, Pico Alto, Punta de Lobos, Oregon eta Peligroso Todos Santos urautsiekin batera agertzen da Galea Punta munduko olatu handien itzuliko zerrendan. AEB, Txile, Peru eta Mexikorekin batera ageri da «Basque Country» olatu handientzako txapelketen zerrendan.

Iaz Natxo Gonzalezek irabazi zuen txapela. Sekulako itsaskiarekin eta hamazazpi urte besterik ez zituela itsasoratu zen bizkaitarra eta olatu handietan aritzeko prestatuta zegoela erakutsi zuen. Txapelketara gonbidatu zuten Ramon Navarro olatu handietako surflari txiletarra garaitu zuen eta Txileko Punta de Lobos olatuan egiten den txapelketan parte hartzeko gonbidapen berezia irabazi zuen horri esker.

Aurten, ordea, lehiakideen zerrenda mugatua zen, munduko olatu handien itzulian ezin baitu edonork parte hartu, postua irabazi egin behar da eta parte hartzeko gaitasuna erakutsi. Hasiera batean, olatu handietako munduko surflari ezagunenak zeuden zerrendan, Nathan Fletcher edo Greg Long kasu, baina azken momentuan lehiakide batzuek beren lekua utzi eta bertako jendeak haien hutsunea betetzeko aukera izan zuen.

Munduko surflari onenetakoak halako baldintzetan ikusi ahal izatea itzelezko luxua da, horregatik bertaratu zen hainbeste jende atzokoan Galea muturreko labarretatik txapelketa ikustera. Mundu osotik etorritako lehiakideek beren maila altua erakutsi zuten, baina benetan azpimarratzekoa bertako surflariek egindako lana eta esfortzua izan zen. Sarri apar erraldoien azpian amaitu behar izan zuten lehiakideek, baina berriz ere taula hartu eta urautsira itzultzen ziren olatu berri baten bila.

Guztira zazpi txanda izan ziren. Txanda bakoitzean sei lehiakide zeuden eta horietatik hiru ziren hurrengo txandara pasatzen zirenak. Lehenik lau txanda egin zituzten, hortik zuzenean finalerdietara pasa ziren txanda gainditzea lortu zuten lehiakideak, eta azkenik finala. Txandak 45 minutukoak ziren, baina finalak ordubete iraun zuen.

Goizeko lehen txandetan itsasoa haserre zen eta lehiakideek gorriak ikusi behar izan zituzten zenbait momentutan. Gero, itsasbeheran bazirudien baga samurtu zela, baina finalean berriz ere serie erraldoiak sartu ziren Abra bokaleko urek itsasoarekin bat egiten duten eremu berean.

Bost eta sei metroko olatuak izan ziren, baita handiagoak ere, eta lehiakideek asko arriskatu behar izan zuten olaturik handiena zegokion leku zehatzean hartu ahal izateko. Hala ere, nabarmena zen lehiakide batzuek beste batzuek baino gehiago arriskatzen zutela, eta kasu batzuetan gehiegi arriskatzeagatik ez zuten txanda pasatzea lortu.

Horixe izan zen Axi Muniain edo Pilou Ducalmen kasua. Zarauztarrak sekulako ikuskizuna eskaini zuen, gainontzeko lehiakideek zeruertzean uhin erraldoiak zetozela ikusten zutenean haiengandik salbatuko zituen eremura arraun egiten zuten, Axik ordea kontrako bidean egiten zuen arraun. Olaturik handiena hartu nahi zuela nabari zen eta garesti ordaindu zuen, izan ere, lehenik, serie batek azpian antzeman zuen, justu haitz branka baten gainean, leku oso arriskutsuan. Txanda amaitzeko minutu gutxi batzuk falta zirenean berriz, beste olatutzar batek azpian irentsi eta taula galdu zuen txikota hautsi ostean.

Ducalmek ere ez zuen zorte handirik izan. 48 urterekin, txapelketako lehiakide zaharrena zen, baina oraindik ere sasoi onean dagoela frogatu zuen lapurtarrak. Urautsian antzeman zuen serie batek haitzetaraino eraman zuen eta une latzak izan ziren. Gainera, bera laguntzera joan zen salbamendu taldeko kidearen motoa apar batek irauli zuen eta horrela, Pilouk eta sorosleak zuzenean haitzetatik atera behar izan zuten.

Finalean hiru amerikar, hegoafrikar bat eta bi euskaldun izan ziren. Lehen postua Grant Twiggy Baker hegoafrikarrak irabazi zuen. Jaitsiera muturrekoak egin zituen eta epaileek aintzat hartu zuten, izan ere bi dira halako txapelketa batean puntuatzeko irizpide nagusiak. Batetik, olatuaren tamaina, eta bestetik jaitsierak izan dezakeen zailtasun maila.

Bigarren eta hirugarren postuan, bi estatubatuar, Santa Cruzeko surflariak, Nick Lamb eta Ken Collins famatuak. Laugarren postua, iaz hirugarren postua eskuratu zuen lehiakidearentzat izan zen, Adur Letamendia zarauztarrarentzat. Iaz bigarren postua eskuratu zuen Ramon Navarro txiletarrak bosgarren postua lortu zuen, eta seigarren postua bizkaitar batentzat izan zen, David Bustamante Zumo sopelarrarentzat, hain zuen ere.