JAN. 03 2014 TXOKOTIK Su festa sasikoa Mikel Jauregi Kazetaria Martxelo Diaz lankideari irakurri diot, eta arrazoi du. Hiru garagardo edanez gero, ez dago (legeak dioenez) autoa hartzerik; baina ondutako ardo beltz botila eta erditik gora, bizpahiru xanpain kopa eta gin-tonictzarra zintzurretik behera sartu ondoren, Donostiako Aste Nagusiko su artifizial txapelketan ere garaikurren bat irabazteko gai izango litzatekeen bengala, suziri, petardo eta etxafuego sorta galanta lasai asko jaurti daiteke abenduaren 31ko gauerdiko azken kanpaikadak jotakoan. Jakina, dena da irri, barre, algara eta katxondeoa... Trintxerpekoa gertatzen den arte. 42 familia etxerik gabe utzi ditu(zte) sasikume bat(zu)ek. Zeukaten guzti-guztia galarazi die(te). Horra suzko orgiak utzi duen uzta. Bilboko Santutxu auzoko irudi batzuk ere ikusi ditut. Beste lankide bati helarazi dizkiote. Gazatik Israelen lurraldera jaurtikitako suzirien irudiak zirela esan izan balit, sinetsi egingo nukeen. Egiatan. Azken urte hauetan Gabon zaharrean gure herrietan zabaldu den moda honek eragindako kalte eta eragozpenei badago istripu deitzerik? Etxe oso bat erretzeari festaren festaz hordituta? Auto bat kiskaltzeari (Bilbon gertatu den bezala)? Pertsona batek begia galtzeari (Donostiako Ospitalean artatu duten gizagaixoaren kasuan)? Eta zer arraio, paseoan doanari bihotza iraultzeko adinako sustoa emateari? Horri, gurean, beste modu batean esaten diogu. Kalean, negar malkotan eta esku hutsik geratu diren pasaitar horien argazkiak ikusita, haien lekuan jartzeko irudimen ariketa egin dut. Eta barruak buelta eman dit. Akaso horregatik, debekuaren aldarrikapena egin nahi du debekatzea debekatuko lukeen honek. Kalean txiza egin duen hori, espaloian doan txirrindulari hau edota tabernan zigarreta piztu duen hura jazarri eta zigortzeko gai bagara... 1992ko martxoaren 15ean, Espanyolen Sarria estadioan, 13 urteko Guillem Lazaro hil z(ut)en. Sasikume bat(zu)ek jaurtikitako bengala bat sartu zitzaion bularrean. Partida bat ikustera futbol zelaira zihoan lehen aldia zen. Aita eta anaia txikia zituen alboan. Geroztik, bengalak, petardoak eta suziriak debekatuta daude kirol instalazioetan. Tamalez, haur baten heriotzak ekarri zuen neurria berekin. Berandu.