GARA Euskal Herriko egunkaria

Munro helburu (eta II)


Hilabeteak dira Louise Erdrichen azken lanari, «The Round House» (2013), heldu nahi niola eta liburu-dendako mahaietako batean ikusi nuenean ezin izan nion hura erosteko tentaldiari eutsi. Aurten oporretan opor hartzea erabakita neukan, eta ezer irakurtzekotan plazer hutsagatik izango zen, ez lan kontuengatik. Neure buruari esaten aritu natzaio inolako presiorik gabe harturiko erabakia izan dela, baina aitortu beharra daukat erorialdi baten ondorioz ukondoetako bat zaurituta izateak «erraztu» egin duela dena. Baina bigarren aitorpen bat egiteko daukat, kasu honetan liburuak «plazer hutsagatik» irakurtzearen inguruan. Literatur zaleak diren eta literatura ogibide duten horientzat plazeraren eta lanaren arteko muga ez da hain argia. Plazeragatik irakurtzen ditudan liburuetan beti aurkitzen dut ikasgelan zein neure idatzietan erabil dezakedan zeozer, eta ildo berean lanagatik irakurtzen ditudan horiei plazerez heltzen diet. Erdrichen azken lanarekin hala izango dela badakit. Hura erostera nindoala ikusterakoan izu aurpegia jarri zidan lagunak. Egile indiar-amerikarraren pare bat nobela irakurri zituen aspaldi, eta oso ilunak iruditu zitzaizkion biak. Lagunaren hiztegiaren arabera, «ilunak» esan nahi du errealitatea bere gordintasunean azaltzea inolako kontzesiorik gabe. Hots, alaitu baino gehiago «deprimitu» egiten duen literatura. Baina handik gutxira ohartu zen nik neuk egiten dudan lanari -gatazken ingurukoa gehienbat- inor deprimitzeko modukoa iritzi izan diola beti, eta orduan bai, niretzat onarpenezkoa bihurtu den baina berez etsipenezkoa den keinua marraztu zen bere aurpegian.